Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Xingolen arteko egunak

Uztailean ohikoa dudan legez, egunkariak gauez begiratzen ditut, egun osoko burua zamatuta arretaz leitzera heldu ezinean. Ondorioz, albisteetako letra larriak mataza batean grabatzen ditut neure buruan non edo non egon behar den txokoren batean, ezbairako momentua helduta haritik tiraka hasteko asmoarekin; jakina! batzuetan haritik tiraka hasi eta mataza bera ateratzen zait bere osoan...

Gainera, atzekoz aurrera begiratzen ditut egunkari bietako orriak, eskeletatik pasatuta. Portzierto, konturatu naiz egunkariotako irakurleen heriotza tasa askoz ere txikiagoa dela bestelako egunkarietakoena baino. Bada, lehengoan konbentzitu nintzen azkenekoz, kafea hartzera taberna batera sartu eta barra bazterreko erdarazko egunkari ospetsua eskuan hartuta, eskelen atala ikusita. Mon Dieu!

Tira, matazaren harira! Kristoren nahaspila daukat xingolekin, Katalunian auzitegirako bidean dira balkoian xingola horiak jartzeagatik, baina Euskadin ez dago inor bide horretan pinuetan xingola marroia sartzeagatik. Baina, nago ni, xingolon atzean diren onddoak jatorri berekoak direla, monolaborantza batean eta monoestatua bestean. Total, ditxosozko espazio-zunda hori Marten lurra hartzen tematu ordez aproposagoa litzateke Kataluniako independentismoaren kraterrera bidaltzea, argitasun bila …

Orritik orrira. Moja batzuk etxea utzi eta estudio batean izan dira diskoa grabatzen. Hurrengo urtean Kobetamendi LIFEn, eta gauez, ote? Horixe bai berrikuntza 4.0 izango! Kolpea gero, mojek emanda! Eta hara! Getsemaniko ortuan Ertzaintzak marihuana konfiskatu! Seguru feikniuz horietarikoa dela, jakina baita Ertzaintzak ertzak zaintzen dituela, ez ortuak; horrexegatik, seguru asko, segitzen du libre xingola marroiko onddoak… Marroia gero pinuak daukana! Are gehiago hemengo lurzoruak!