21/07/2019

Julen Murgoitio
Ozeano gaineko bidaiaren ajeak

Hara! Lehendakari bat, non eta Sagar Handian! Kolpea gero! Sagardoaren enbaxadore joango zen! Bai zera, NBEren goi-foro batera zen joan, zer eta autogobernua gorestera! Mon Dieu! Arretaz irakurri behar izan dut albistea, berri-agentzia desberdinetan leitu ere, azkenean hemengo autogobernuaz ari zela konturatzeko.

Seguruenik, ozeanoan gaineko bidaiaren ondoriozko alzheimer politikoaren eraginez, hara heldutakoan ahaztu egin zitzaizkion hemengo gobernu periferikoaren mugak, asko eta askotarikoak, ageri eta ezkutuak, gobernu zentralak helegitetan kudeatuak. Autogobernuaz baino motibo gehiago zeuzkan hemen gobernatzeko batzuek daukaten auto-mugez mintzatzeko… Bai, hemengo «ongizateaz» nago neu ere, hemengo gobernantza zuzenetik etorri behar den ongizateaz… eta ongietorriaz…

Guztiok bizi omen gara planeta berean, baina hain dira ugari hor diren munduak! Eta euskaldunonean hamaika ikuspegi gaurkoa ulertzeko! Hara gehiago atzokoa! Eta zer esan geroaz! Eta nago ni gaurkoaz dugun autokonplazentziazko ikusmira hori dela etorkizun burujabe jatorrerako bidean oztopo nagusia. Ez dakit horretaz gogoeta egingo zuen foro hartan, hemengoetan egiten ez duenez… Amen.

Ilargira heldu ei ziren Lurreko gizonezkoak orain 50 urte. Marte dute gaur helburu, gizonezkoek. Ez dut ulertzen unibertso zalekeria hori, oraindik planeta honetako munduetan hamaika alde ezkutu direnean, lurreratze serioak behar dituztenak, ganorazko oinatzen zain… baina bai, ados, horretarako bestelako orbita erabili behar da… buru-orbita.

Eta udan udakoa. Jazzaldiak hemendik jazarraldiak handik. Eta kontzertuak nonahi, kontzertu fiskala barne. Eta Tourra! Ama, ama! Ez dut giro! zerrendan geratzen zitzaidan bakarrak aurten ez du parte hartzen… Amen!