25/07/2019

«Gure ahotsa entzunaraziz, bestaz gozatzeko karrikan izanen gara» . lola garcia (PAF elkartea)
Maite UBIRIA BEAUMONT|BAIONA
0725_azkena_lolagarcia

Lola Garcia (34 urte) irakaslea da. Bere burua aurkezteko orduan, hiriarekiko duen atxikimendua nabarmendu du agurtu bezain pronto. «Baionarra naiz eta bihotzean eramaten ditut bestak», adierazi du Pour une Alternative Feministe taldeko kideak. «Aurtengo bestak bereziak dira, gainera, guretzat –gehitu du–, gure elkarteak hamar urte beteko dituelako, eta PAF Baionan sortu eta Baionan jarduten den taldea delako».

Urtean zehar gauzatzen dituzten ekimenak ahantzi gabe –hitzaldiak, tailerrak, gainerako eragile feministekin batera bultzaturiko mobilizazioak...–, Baionako besten karietara dinamika azkarra eramanen du PAF elkarteak.

Duela bi urte eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarri zutenetik hirian aldaketa franko gertatu direla sinetsita dago Lola. «Iruñean gertaturiko eraso bortitza, baita me too mugimendua... giroa aldatzeko lagungarriak izan ziren», bere esanetan. Haizea alde, «aldarrikapena eta umorea nahasten ahaleginduko gara, gure ahotsa entzunaraztearekin batera, bestaz gozatu nahi dugulako» .

Protokoloa zabaltzen

Aurrerapenaren seinalerik argiena: «Egun, bestetako hainbat aktorek guregana jotzen dute prebentzio lana egiteko bidean, aholku eske». Aurten 50 bat ostatuk eta peñak aintzat hartu dute talde feministak bultzaturiko protokoloa.

Hala ere, bada zer egin oraindik. Eraso sexisten aurkako salaketa barneratu badute ere, «erakundeek behar lukete ardura handiagoa erakutsi, baita baliabide gehiago jarri ere». Gehienbat elkarteen lanari esker eraso sexisten aurrean erantzuna emateko besten denboran zabalik izanen den Maina guneak oraindik ere «eragin murritza» duelakoan dago Lola. Horretaz gain, «peñentzat sortu berri duten xarta edo label horretan eraso sexistak ekiditeko inolako neurririk aipatu ez izana hutsune ulergaitza da».