Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hutsez betetako benetako fikzioa

Uda aurrera doa, udako kontuak ere bai. Jazza eta jaiak nonahi, neguan debekatuta baleude bezala. Arratsetan ekaitzak nonahi ere, eguneko beroaren ifrentzua, txirrindulariek lurra hartzeraino; lurra hartu dutenak ere izen handiko aire-konpainia baten modelo bateko hegazkinak dira, nonbait teknologiak berak batzuetan huts egiten baitu, airean behintzat! Tira, udako harira! Andre marokoarrak marrubiak batzen ari dira Andaluzian, gertuko itsas uretan gorpuen stocka amaigabea dela…

Eta udan ere udako ikastaroak, gaztelerazkoak neguan egiterik ez balego bezala! UEUk egin egiten baititu! Kontuak kontu, klase politikoari begirakoak antolatu beharko lirateke beren-beregi, eta joaten behartu ere atrilera igotzen saiatu aurretik; hots, klase hori gelara! Gaitasuna lortze aldera! Bai ikuskizuna gero, eskaini berri dutena hango hartan! Telebista aurrean paratuta, aspaldian ez nituen hainbeste estimatzen iragarki-tarteak; atera kontuak! pantaila hemiziklora bueltatzean, orduantxe ni komunera! Hemizirkoa nahiago!

Inbestidurak huts egin, berriro ere. Ez zen zertan profeta izan hori aurreikusteko, atrilekoen gaitasunak gaitasun. Zergatik esaten zaio inbestidura-saio? Batzuk saiatu ere ez dira egiten. Eta gerokoa ere, kolpea gero! Diputatuen ganberako buruak monarkaren ganbarara joan behar izatea ere hutsaren berri jakinarazteko! Ez al du monarka zer horrek telebista ikusten? Ene, ene! Demonio! Hutsez betetako politika hori!

Eskerrak euskaldunok koalizio kontuetan esportatzeko moduko eredua omen dugun! Amen! Horra, kasuko, jeltzale eta jelkideena, sozialistaren baten saltsarekin. Ituntzeko jaioak gara, itxuraz. Hori bai, itunpeko eskoletan ez, gainera udan gara, zer demontre! Politika fikzioa! Erreala dena da egun gutxitan euskal hondartzetan sentiaraziko dena: Irteera operazioa! Presoena, jakina. Ondo izan!