Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Harrizko begirale txunditua

Beriain, Sakanako begirale dotorea. Ezin konta ahala poz eta penaren lekuko zaharra. Izan ere, nik lehen aldiz igo nuenean, eta lehenago ere, bertan zegoen, orain bezalaxe, edo orain bezalatsu. Eta ondo gazterik joan nintzen lehen aldiz San Donatora. Hala esaten genion gaztetan, izen hori lapurreta zela jakin gabe. Jainkoa leku guztietan dagoela bagenekien, bizitzaren jarraibideak zabaldu baino askoz lehenagotik jakin ere. Hala ere, Jainkoaren lurreko ordezkaritzak santuak barreiatu beharra dauka Jainkoaren ubikuotasuna beti eta beti gogorarazteko, mendi-ibarren hedadura ez ezik, horien izena ere gaindituta.

Beriain, harrizko begirale bikaina. Euskal Herriko erdigunean, zenbat eta zenbat borroka eta bidegabekeriaren lekuko, Guardia Zibila hain gogotsu ibili izan den inguru horretan. Mendeetan barrena ikusitakoak txunditzeko gaitasuna agortu behar liokeela pentsa genezake, baina ez, harri eginda segitzen du.

Harri eginda, baina isilik ez. Atzo ehunka lagunek bat egin zuten haren salaketarekin, Euskal Herriko erdigunetik.

Bi egun lehenago, Komunitateko presidenteak esan zuenez, Altsasuko zalaparta ez zen tabernako liskar hutsa izan. Ez horixe, nolatan izango da liskar hutsa tartean guardia zibila egonda? Gorroto delitua omen da, alde batekoena, ordea. Beriainen inguruan gorroto arrastorik baldin badago, nork erein duen hausnartzea bururatu ote zaio presidente andreari?

Ondoko erkidegoko arduradunek, berriz, presoen harrera ekitaldiak salatu zituzten, egindakoak eta egingo direnak. Sufrimenduarekiko elkartasuna dute kezka nagusi, zulo ilun izoztuetatik datozenentzako bero apurra ezkutatu eta are debekatzeko eskatzeraino.

Beriainek, mila urte igarota, mila egun igarota, izena lapurtuta, bere gazteak bahituta, hor segitzen du, sendo, babesle, dotore. Harri eginda.