Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Nolako zura, halako ergelkeriak

Iragan astelehenean G7 bilkuraren aurkako kolektiboen prentsaurrekoan, Egoitz Urrutikoetxea zegoen. Asteazkenean kontatu zigun Euskal Herriko kazetarik salduenak bere lehen orrialdean: “Josu Terneraren semearen paper berria”. Barruan, xehetasun gehiago: «Egoitz Urrutikoetxea G-7 bilkuraren aurkako ekimenen bozeramaile bihurtu da, urte luzez ETAko buruzagi izateaz akusatuta egon ondoren». Banengoen ni, altermundialistak, energia enpresetatik kanpoko ekologistak, feminista erradikalak eta horrelakoak ez direla fidatzekoak.

Vocentoko kazetak ez zigun prentsaurrekoaren berri eman, baina bai Egoitz Urrutikoetxearen historiarena, orrialde osoan: “Frantziako” ezker abertzaleko gazteen buru izan zen eta Espainiako Gobernuak ETAko buruzagi izatea leporatu zion. Poliziaren ustez bere aita laguntzen zuen aparatu politikoan… «baina ezin izan zuten inoiz frogatu eta ez zuten horregatik epaitu». Mekauen...

2015ean atxilotu egin zuten, eta atxiloketa hura «klandestinitatea uzteko gakoa» izan omen zen. Hara zer «idoro» zuten orduan: urtebete lehenagotik Parisen bizi zen eta unibertsitatean matrikulatu zen… bere benetako izena emanda. Azal lodia behar da gero.

Atxiloketa haren ondoren, Jorge Fernandez Diaz orduko Espainiako Barne ministroak esan zuen Urrutikoetxea ETAren zuzendaritza hartzeko «ordezko onena» zela, eta segurtasun indarren «lehen helburua».

Nola jakin zuen ministroak hura? Poliziak esanda? Ez. Jainkoak esanda, Las Vegasen topatu zuenetik harekiko harreman estua baitu. Izan ere, Jainkoa Espiritu Santua ere bada, Aita eta Semea den moduan (nire antzera, baina ni ez naiz espiritua, are gutxiago santua), eta Espiritu Santuaren esakune batek Egoitz Urrutikoetxea aitaren ezpalekoa dela erakusten du (Gasteizko katedral zaharreko aurrealdean dago ikusgai): «Qval fuere el padre y la madre, hijos e hijas seran tales».