Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Beste mundu baten alde, G7aren kontra

Neoliberalismo autoritarioaren garaian bizi garela diote pentsalari batzuek. Gaur egungo kapitalismoak arazo handiak ditu kontsumo mugagabea eta zoriontasunaren promesak betetzeko eta eliteen ofentsibak indarrari eusten dio agenda pribatizatzailea aurrera eramateko. Autoritarismoaren berpiztea, ikuspegi horretatik, egiturazkoa da, sistemari funtzionala gertatzen zaiolako.

Egia esan, merkatuaren logika bera autoritarioa da finantzarizazio fasean, eskaintza eta eskaera libreen erretorikaren atzetik arau eta botere harremanen eragin zuzena atzematen delarik. Globalizazioa, halaber, estatu eta beste eragileek nahita eraiki duten agertokia da, eta bilatutako emaitzak ekarri ezean, erabakiak hartu dituzte kontrola berreskuratzeko. Trumpek Txinaren kontra daraman estrategia, esaterako, urrun dago mitifikatutako esku ikusezinaren ideiatik.

Autoritarismoa dario eredu ekonomiko-politiko honi eta orain, kolonia eta neokolonietan ezartzen ziren neurriak metropolietara ere ekartzen ari dira. XX. mendeko faxismoarekiko konparazio batzuek afera hori ahazten dute, tamalez, inperialismoaren eta kolonialismoaren logika kriminalak erdiguneetara eraman izana gakoetako bat baita egoera ulertzeko, aspaldi Aime Cesaire martinikarrak idatzi zuenez. Frantz Fanonek ere ekarpen sendoa egin zuen izatearen eta ez izatearen guneen inguruko gogoetarekin.

Bazterketa, zapalkuntza eta humanitatearen ukapena ezartzen zaizkie ez izatearen gunean daudenei, hori kokapen fisiko hutsa baino gehiago delarik. Kapitalismo autoritarioaz, ez izatearen gunea gero eta zabalagoa da, elite boteredun eta herritarren arteko ezberdintasuna areagotzen delarik.

G7aren gailurrak autoritarismo horren garapena gardenki erakusten du, eta okupazio polizial-militarra ekarri du, hasteko. Sakonean, hautu autoritarioa sendotzeko bilera da eta, beraz, oso inportantea da munduak Euskal Herriaren errefusaren berri izatea.