Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Pentsamoldea ardatz, biratze seriorako

Gudari Eguna zabalean ospatzen genuen egunean etorri da aurten, zabalago etorri ere, Klimari Eguna. Hots, klimari eskainitako eguna, edo, bestera esanda, egunerokoan modu estrukturatuan Klimari Egurra ematen diotenen jarduera ekonomizista sutsua salatzeko eguna.

Bai, Amazonia asko dira egun hondatzen ari planeta honetako munduetan, Zubietaz, Zaldunbordaz edo Pagasarriz… jantzita egon arren. Sarri paga! Hori batzuen garapen helburua!

Fisikari haren esana ostera ere gogoan: «Ezin da arazo bat konpondu arazoa sortu duen pentsamolde beretik». Pentsatzeko moldea aldatu, horixe lehendabiziko erronka!

GAUR8koa ere gogoan, osagarri: «Begiratzeko modua aldatzeak aldatu dezake mundua». Horretantxe egiten dute kale gobernuetako balizko ahalegin eta agendek; ekonomia, berez, giza zientzia dela, eta ez teknologia atala, benetan serio barneratu arte ez dago baikortasunerako arrazoirik, are gutxiago motiborik. Eta bitartean, ezkor aktiboa izaten jarraitu beharko! Protestetan eta proposamenetan ere, plazan abiapuntua egon daitekeelako baina sekula ere ez helmuga, sekula hori santa bada ere!

Izan ere, eta plazarik plaza, tximiniaz tximinia, ozenki aldarrikatutakoa barneratuta, sistema da aldatu behar dena… klima aldatu ez dadin, aldatu ez dezagun. Bai, sistema aldatzea gauza handia da, eta luzea, lar luzea trantsiziorik gabe ibili ahal izateko. Aldaketek trantsizioa behar dute, eta trantsizioek baldintzak! Horretan sartzen da eguneroko politika… hauteskundeak barne.

Larrialdi aurrean loaldi politikoan jausi ez gaitezen. Eta ez, ez da 360 graduko bira behar, legebiltzarrean entzunda aste honetan, ama, ama! 180koa baizik, serio biratzen hasi sikiera! Politikatik soziopolitikara, baldintzak sortzen segitu… plazatik harago! 0 Km-a helbide…