A. G.
EMAKUMEEN LIGA

Caceresen berreskuratu nahi du irribarrea IDK Gipuzkoak

Joan den zapatuan hasi zen Emakumeen Saskibaloi Liga, ez IDK Gipuzkoak nahiko zukeen moduan, Zamarat-en aurka 66-76 galdu baitzuen. Gaur gauean Cacereseko Serrano Moncayo pabiloian jokatuko dute Azu Muguruzarenek Ligako bigarren jardunaldia, 20.45ean hasita.

Irribarrea berreskuratu nahi dute donostiarrek Extremadurako lurretan. Alegia, Zamarat-en aurka aurreneko 20 minutuetan egindako lan bikaina atsedenaldiaren osteko 20 minutuek zapuztu zutenez, hanka-sartze hori zuzendu nahi dute Azu Muguruzaren jokalariek.

Izan ere, lehenengo erdian 47 puntu sartu zituzten, baina hurrengo 20 minutuetan 19 baino ez zituzten gehitu, eta defentsan ere maila askoz eskasagoa erakutsi zuten. Horrez gain, botatako jaurtiketa libreen erdiak –15etik 7– huts egin zituzten eta Jespersen eta McPhee aurkarien musikaren erritmoan egin behar izan zuten dantza. Bada, azkenean porrota jasota etxeratu behar.

Aurkari nekaezina

Al-Qazeres taldea izango dute aurkari gipuzkoarrek. Aurreneko jardunaldian galtzaile izan ziren hauek ere, Lointek Gernika Bizkaiaren aurrean 66-59koarekin burua makurtu behar izan zuten-eta. Hala ere, 15 puntu atzetik izan ondoren amaierara arte borroka egin zuten.

Jennie Simms estatubatuarra, Paula Ginzo pibota eta IDK Gipuzkoako jokalari ohi Miriam Foraste dira Al-Qazeres-eko jokalari onenak. Maila ez galtzeko borroka egin beharko luke printzipioz Extremadurako taldeak, baina borrokalari nekaezina dela erakutsi zuen Gernikaren aurka. Beraz, ezin dute donostiarrek Al-Qazeres gutxietsi.