Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Euskal Herriko kanporaketa jokatuko da bihar Gasteizen

Hamar aizkolarik hartuko dute parte eta sei onenak sartuko dira finalean.

Bihar, 18.00etan Gasteizeko Foru plazan, Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Bertan erabakiko da nortzuk sartuko diren sei onenen artean urriaren 27ko finala jokatzeko, 12.00etan Gasteizen bertan.

Bihar honako hauek parte hartuko dute: Aitzol Atutxa bizkaitarra; Jexus Mari Mujika, Iñaki Azurmendi, Luis Txapartegi, Eneko Otaño, Julen Alberdi “Txikia IV.a” eta Ugaitz Mugertza gipuzkoarrak; eta Jon Rekondo, Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak. Aurten Joseba Otaegik ez du esku hartuko.

Bigarren Mailakoa, Etxarrin

Egin beharreko lana honako hau da: bi kana-erdiko (54 ontza), bi 60 ontzako eta oinbiko (72 ontza) enbor bat moztea.

Bestalde, Etxarri Aranatzen jokatuko da igandean, 18.00etan, Bigarren Mailako Aizkolarien kanporaketa. Ondorengoak lehiatuko dira: Arkaitz Jauregi, Eloy Cortxero, Julen Larrea, Hodei Ezpeleta, Jon Irazu, Xabier Zaldua, Juan Jose Lopez, Oihan Larretxea, Jose Antonio Etxeberria, Oier Kañamares, Iban Resano eta Asier Pellejero.

Herrialdeka sailkatuta, Nafarroatik sei aizkolari arituko dira, Gipuzkoatik bost eta bi Arabatik. Finala Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko da urriaren 19an, 18.00etan, eta sei onenak sailkatuko dira. Igandeko kanporaketan lan hau izango dute: hiru kana-erdiko, 60 ontzako enbor bat eta oinbiko beste bat ebakitzea.