Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Azaroan 10, arazotan 11

Azaroak 10 dituela. Hortxe hitzordua; boto-ordua esate aldera, gauza bera ez izan arren. Hortaz, pena ematen didate 10 horren aurrean azaroak dituen egunek, azaleko ke arteko horiek hain zuzen. Boto-emaileen belarrietako ezkoa eztitzeko hitzak bota eta azkenean belarriak berak aspertu! Eta sudurrak, belarriak beste. Eta hiztegia bera! Azaroa! 0 km-ko arazoak mahai gainean jartzeko sasoia beharko, urruneko aza transgenikoetan lokartzeko aroa barik. Azaroan hamarra bada ere, arazotan hamaika! Eta metala? Zer heavy!

Hor ari dira, boto-orduari begira! Ezkerrak «más» eskumak «suma», batzuk eta besteak estatu bereko mugetan ainguratuta; mugak muga, behin eta betiko! Estatu-sena berreskuratu guran edo, estatu hori eta sena bateraezinak direla jakitera iritsi gabe … Senak ez baitu mugarik! Are gutxiago ibaia denean … ‘Aupa’ hasieran eta ‘Agur’ azkenean. Ez, ez nago etxebestetarren filmaz, gure hegoan den estatuko ezkerraz nago. Orain urte gutxi, dena zen han Aupa!, ordutik urte gutxira, Agur!, antza. Ahal Dugu-tik Inausi Dezagun-era. Denboran metatutako haserreek, asko eta askotarikoek, denbora eskatzen dute bide eraginkor berriak zabaltzeko. Finean, astiro joan gaitezen, urrunera goaz eta! Perspektibaz. Hemen, hor eta han joan behar ere.

Astiro, ez geldo! Zeren eta, hara! Lehengoan, Forondako ortu zaharretik ozenean, urtean behingo modari aurten ere eutsita, jeltzaleek eta jelkideek bat eginda, abertzaleen haserreari boto abertzalez erantzuteko deia! Pentsakor utzi ninduen mezuak, urtero legez, biharamunean prentsan irakurrita, jakina. Mon Dieu! Haserrea? Planetan espezie gutxik dute pazientzia gehiago ortu zaharrekoak baino. Ez daude, bada, 1979ko estatu harena betetzearen zain oraindik! Horiek haserretu orduko glaziazio berri bat joana izango da, baietz! Ene, ene!