Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Ustez kontzientziatuak

Udazken hasierak oparitu dizkigun egun zoragarriak aprobetxatuz, hor joan gara amona-biloba taldetxoa egun-pasa egitera. Marea biziak tarteko, itsasbehera oso behera dago Zokoko hondartzan. Eguzkiak ez du udan bezala erretzen baina ura ez dago hotza oraindik. Goazen bada!

Gozatzen ari garela, hara non esan digun bilobak zerbait arraroa zapaldu duela. Zer ote? Komuneko tapa bat bere eserleku eta guzti!!! Itsasoak okaka lurrera itzuli duen «altxor» bitxia jaso eta zakarrontziaren ondoan utzi dugu. Pasadizoak aitzakia eman digu bazkarian azken garaiotan gero eta presenteago dagoen arazoa mahaigaineratzeko: kutsadura, gizakiok zenbat zabor sortu eta lotsagabeki ibaira edota itsasora botatzen dugun, naturari egiten diogun kaltea, eta abar.

Ez da gai berria gure umeentzat, egia esan. Urteak daramate Zubietako erraustegiaren aurka herrian dagoen mugimenduaren gorabeherak entzuten eta ikusten. Horrekin hazi direla esango nuke. Kutsaduraren haritik tiraka, klima aldaketaren gaira iritsi gara. Hori zer den, planeta beroketarekin zer gertatzen den, Greta Thunberg hori nor den, zer egin dezakeen neskato batek munduko agintari handi-mandien boterearen aurrean, zer egin dezakegun guk geuk… Ba hori, zortzi urteko umeekin hizketaldi aski transzendentala.

Arratsaldea basoko jolas parke batean igaro dugu. Leher eginda (amonak haiek baino gehiago), freskagarri bat hartzera joan gara. Eta hara non, lastotxoak eskatzen hasten diren. «Lastotxoak? Ezta pentsatu ere! Ez al dugu esan ba plastiko gehiegi sortzen dugula?». «A bai! baina zuek ere plastikozko edalontziak hartu dituzue…» Tomaaa! Hor agerian geratu da, ustez kontzientziatuak gaudenok ere, gure joerak eta ohiturak aldatzeko zenbat bide daukagun egiteko, bai pertsonalki bai komunitate bezala. Agintariei neurriak har ditzaten exijitzen diegunean kutsakorren diren industriak, garraiobideak, fabrikak… ditugu buruan. Baina gu geu prest al gaude gure erosotasun zati bat sakrifikatzeko? Gehiegizko konfort hori gozatzen dugun heinean, maila desberdinean bada ere, erantzukizuna denona ez al da?