Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Epaien arteko egunak

Epaien arteko egunak dira gaurkoak. Eta iraganekoak ere, antzerako, lurralde politiko judizializatua baita gurea, eta Pirinioen beste muturreko lagunena ere bai. Hortaz, Pirinioak batzen gaitu, arnasgune preziatua, eta itsaso bietako urak lotu, prozesuak freskatu. Tira, harira! Kanpoko epaileak, kanpotiko epaiak. Batzuen togak areto batzuetan kutsagarriagoak dira ozeano guztietan plastiko denak baino. Normala gero, osasun zerbitzuek txertoa hartzea gomendatzea… Epaien aroa, antropozeno politikoa mediokraziaren zezen-larruko “zezenbidean”…

Epaiak bai, batzuk irmoak, beste batzuen zain gauden bitartean, gaurkoak izan edota biharkoak, etenik ez duen kanpotiko justizia-aldian. Batek, eta bereizezinak, bizi ditu hango aretokoak. Hemen, epaioi mina eta haserrea, haserrea eta mina darizkie. Odolak su gabe dirakien seinale. Baina beroaldiari freskotasunez erantzun behar zaio: Ekin eta Jarrai, Euskaltzaindia gogoan. Eta mendea ere bete duen aldizkaria gogoan: “Argia”!. Bide-argia, bai, zerukoa behingoz goian utzita, lege zaharrak bezala. Legeok «goian beude» baina gaur eta hemen ekin beharrekoa «behean bego!», lurraren gainean.

Zuek bultza gogor hortik, eta bultza guk hemendik… ikusiko dugu nola-zelan laster altxatuko den… Pirinioen inguruko bestelako arnasgunea. Arnasa hartzeko guneak ezinbestekoak baitira goiko klima aldaketari eta hegoko beroketa estatalari aurre egiteko; fresko-guneak beroak erotu ez gaitzan!

Eta hori kontuan hartu behar, Nobel sariak banatzen ari diren honetan ere. Hortaz, nonoiz Pazientzia Saria eta Oreka Saria banatuko balituzke Osloko horiek, seguru biak Ajuriaeneko maizterrak bereganatuko! Oreka patronalaren alde egindako lanagatik; Pazientzia, estatutu estutuaren 40 urteko kontuagatik… Ikusiko hori, 2023ko Tourraren irteeran pankarta eskuan, eskumenak eskatzen… Ene, ene!