Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Loreak udan ihintza bezala…

Epaien arteko egunak. Su artekoak; hitzezko suak nagusi plazetan, hainbat prentsa-azalek bazterreko kezko suak nahiago izan arren. Plazotan astinaldi beharrezkoa, loreak udan ihintza bezala… Katalunian astinaldia, beheko Estatuan asto-aldia, mandoak eta guztiz, aztoratuak. Behekook galdua dute zezen-larruko ipar-ekialdea, katalanek oraindik beren lurra irabazia ez badute ere. Zeinek esan zuen erraza izango zenik? Bada, hanka sartu zuen, ederto sartu ere! Astiro joan behar, urrunera heltzeko…

Total, euskaldunoi dagokigu laster esan ahal izatea beheko horiek iparra ere galdua dutela, nahiz eta oraindik gurea irabazia izan ez… Gure esku! Horixe baita errealista izatea, errealismoa zentzu errealean hartuz gero sikiera! Hortaz, senaz busti gure erreka guztiak! 0 km! Politika 4.0! demontre! Eta euskaldunok estatu libre asoziatua izan behar badugu, izan dadila gure errepublika Andorrari asoziatua, Pirinioetako konfederazio baten barruan, kosta ahala kosta, Mediterraneotik Kantaurira, mendioi katea behingoz kenduta… Bide batez, baldintzak hobeak izango dira klima aldaketari egokitzeko. Pirinioak arnasgune, loreak udan ihintza bezala…

Pirinioetako bazterretan errepublikak, eta mesetan sozialismo monarkikoa! Erabakitzeko eskubidea ezin zaio inori ukatu, hortaz … Eta monarkena atera zaidala teklatuan, derrepentean gogoratu naiz ume garaian gure kostaldera etortzen zirela udetan Belgikako erregeak. Atera kontuak! Kongo Belga zegoen garaiaz ari naiz! Zelan ziren izenak?… Beduino eta Farola ote?… Bata sabanan elefantetan, faroleko piper-potoari begira bestea… Ama, ama! farola horren bueltan ari dira Kataluniako giltza aurkitu nahian, han galdu ez badute ere… baina argia, edo, dutenez… Inoizko independentistena nauzue, osasun hutsez baino ez bada ere… loreak udan ihintza bezala…