Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Dena prest urteko egun nagusirako

Euskal Herriko finala bihar jokatuko da Gasteizko Iradier Arena zezen-plaza erraldoian. Sarrerak, doan, leihatilan egongo dira zain.

Bihar eguerdian jokatuko da, Gasteizko Iradier Arena zezen plazan, Euskal Herriko aizkolarien final handia. Parte hartuko duten aizkolariak ikuskizun bikaina emateko ilusioz plazaratuko dira, atzo eguerdian egin zuten aurkezpen ekitaldian argi utzi zutenez.

Denen ahotan dabilena, irabazteko faboritoa, Iker Vicente da, Otsagabiko 22 urteko gaztea, baina beste bostak ere aizkora ongi zorroztuta eta gogotsu azalduko dira, batez ere Urola bailarako bikote indartsua: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi “Txikia IV.a”. Seikotea osatuz, Iñaki Azurmendi, Eneko Otaño eta Jon Rekondo.

Egurrak, beti bezala, Joxemiel Peñagarikanok jarriko ditu plazan, txukun, berak dakien bezala. Aurten Etxarri aldean jaso ditu, baina gero eta zailagoa dago pago enborrak aukeratzea. Pentsa, aizkolariek ere entrenamenduetarako egur egokiak aurkitzeko komeriak izaten dituzte.

Plazan egin beharreko lana aspaldiko urteetan izaten den berbera da: lau kana-erdiko (54 ontza), lau 60 ontzako eta lau oinbiko (72 ontza).

Atzoko aurkezpenean Azurmendik eta Otañok ezin izan zuten egon, konpromisoak zituztela eta. Iker Vicente izan zen, eta azken urte hauetan txapelaren geriza jaso nahian ibili ostean, aukera ederra du bihar helburua lortzeko. «Zaila izango da, baina espero dut irabaztea; nire amets handi eta gozoena litzateke, historian zehar aizkolari handiak izan direnen artean, txapeldunen artean, sartzea».

Mikel Larrañaga ere ia-ia gailurrera iritsi da; «nik nirea ematen badut, txapela inguruan izango dut», aipatu zuen atzo. Ongi prestatuta iritsiko omen da finalera, baina argi dauka aurkari oso gogorrak aurkituko dituela Gasteizen.

Iñaki Azurmendi beteranoa ageri da jarraian, eta hari gertutik jarraitzen saiatuko da Julen Alberdi “Txikia”, azkenaldian izugarri gora egin duen aizkolari handia. Sasoiko iritsiko da finalera, gainera.

Eneko Otaño, izaera ausarta ateratzen duenean kontuan izan beharreko aizkolaria, eta Jon Rekondo, hamaika aldiz goian ibili dena eta oraindik hortxe jarraitzen duena, lan ona egin eta lehian bukaerara arte sartuta ibiltzen ahaleginduko dira.

Zortzi mila pertsona inguru sartzen dira Iradier Arenan eta sarrerak doan banatu dira elkarte, jatetxe eta horrelako tokietan. Bihar ere leihatilan gonbidapenak egongo dira.