Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Dabilen harriari goroldiorik ez

Egoera nahasian bizi gara, han, hor eta hemen, antzera. Nork berea; eta batzuek bera. Iraganeko guztia, edo asko behintzat, dago gaur airean, planeta honetako mundu likidoetan. Tradiziorik tradizioenak berak ere airean, hipokresia-alardearen matazan. Eta airea girotzeko modu bi dira, gutxienez; bulegoetakoa, negu-gasen igorle, eta plazetakoa, arnasgune berrien sortzaile; hori bai, matazatik tiratzeko orduan hari egokiak aukeratzea da erronka, tiraka hasi eta denboran eutsi, mataza berriak sortu gabe …

Nahasiaren zurrunbilo jatorrean aireportu bat hartu zuten kaletarrek, Katalunian hartu ere, eta hainbat hegaldi lurrean utzi. Lurreko airea egokitzetik haratago metafora ederra utzi zuen ekimenak, lurra hartzera deitzen zielako Estatu zentralista airetik inposatu nahi dutenei. Baina zentrokoek, ordea, lurra hartu beharrean farola hartu nahiago! Eta, jakina, hola ez dago periferian demokrazia gauzatzerik, zentroko mediokrazian geratu baino ez. Ene, ene! Mon Dieu!

Lurra hartu, bai, eta oinak lurrean martxa egin. Katalunian izan, Sakanan izan, pentsiodunak izan, metalekoak izan … baina martxan, airea freskatu eta haize berria sortu, dabilen harriari goroldiorik ez! Baina aurrerako martxa beti ere, nork bere espazioan 0 km erreferente hartuta. Atzerako martxa bada, izan dadila abiada hartu eta bestelako bidetik joateko, irudimena agintari. Zerikusirik ez atzerako ispilutik bizi direnen apustuarekin, hori apustua bada! Euren oasiko bizikleta estatikoan zain daudenenarekin…

Berrogei urte eta gero zain! Estatutua zahartu egin da helduarotik pasatu gabe, pentsio duina ezin hartuta. Oasi transgenikoa gero! Leihorik ere ez dute Legebiltzarrean zabaldu airea berritzeko! Parlamentuak ere inoizko likidoenak, Tamesisen itxita, Manzanaresen auskalo, Llobregaten mamia tabu… ‘parlare’ baino ‘lamento’ gehiago…