Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

François Cazzanellik errekorraezarri du Manaslu mendian

Joan den irailaren 26an, alpinista italiarrak zortzimilakoa igo eta jaisteko 17 ordu eta 43 minutu behar izan zituen; jaitsiera lau ordu eta erdian egin zuen. Duela bost urte Andrezj Bargiel poloniarrak eginiko denbora hiru ordu eta erdian ondu du.

Joan den astean aipatu genizuen Cristina Piolinik Manaslu mendiaren bigarren jaitsiera integrala egin zuela. Bada, zortzimilako horretara itzuliko gara berriro abiadura errekor bat aipatzeko. Beste italiar bat izan da protagonista: François Cazzanelli. Alpinista honek kanpaleku nagusia-tontorra-kanpaleku nagusia lotzeko 17 ordu eta 43 minutu behar izan zituen. Era horretan, duela bost urte Andrezj Bargiel poloniarrak eginiko denbora hiru ordu eta erdian hobetu du.

Hogeita bederatzi urteko italiar honek, berez, erronka hau Andreas Steindlekin hasi zuen, baina suitzarrak ezin izan zion Cazzanelliren erritmoari jarraitu eta kronoa 21 ordu eta 30 minutuan gelditu zuen. Bi alpinistok ez dute eskarmentu zabalik muturreko garaieran, baina arin eta azkar ondo baino hobeto moldatzen direla erakutsi dute. Beste garaiera txikiago batzuetan, adibidez, bikain jarduten dute. Iaz, adibidez, Matterhorn mendiaren lau ertzak igo eta jaisteko 16 ordu behar izan zituzten.

Nahiz eta Cazzanellik errekor berria ezarri duen, ez zen hori Manaslun egin nahi zuen erronka nagusia. Beste sokakide batzuekin Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrek 1986. urtean zabaldutako bidearen lehen errepikapena sinatu nahi zuen. Eguraldi kaskarrarengatik eta baldintza desegokiengatik, helburu hori bertan behera utzi eta, aipatu bezala, abiadura errekor baten bila irten zen.

Oro har, esan daiteke italiar honek Manaslun denbora gutxi egin duela. Iragan irailaren 13an heldu zen kanpaleku nagusira, eta hamahiru egunen buruan abiadura errekorra eskuratua zuen: «Andreasek eta biok irailaren 25etik aurrera iragarrita zegoen eguraldi leiho ona aprobetxatu nahi genuen. Girora ondo egokituta geunden, eta izaera honetako jarduerak egiteko oso aproposa da Manaslu mendia; izan ere, teknikoki erraza da. Baina irakurleak badaki xede hauek buruari asko eskatzen diotela. Alabaina, Andreasek eta biok jakin bagenekien aukera handiak genituela errekor hori lortzeko».

Cazzanelli eta Steindl gauez irten ziren kanpaleku nagusitik: bederatzietan. Lau ordu eta 15 minutuan hirugarren kanpalekuan (6.790 m) zeuden eta beste lau ordu behar izan zituzten laugarren kanpalekura (7.400 m) heltzeko.

Garaiera horretatik aurrera suitzarrak ezin izan zion italiarraren erritmoari eutsi, eta azken honek gailurra goizeko hamarretan zapaldu zuen 13 orduko igoera egin eta gero. Jaitsiera, berriz, soilik lau ordu eta 43 minutuko denboran egin zuen.

Oso arin

Lerrootako protagonistak adierazi du gauez irteteko erabakia zuzena izan zela: «Eguraldi ona egiten zuen, eta laugarren kanpalekura goizez heldu nahi geunuen. Oso-oso arin atera ginen. Jantziei dagokienez, txandal batekin gindoazen, eta garaierarako botak bizkar-zakuan sartuta. Uste genuen hain arin hirugarren kanpalekura helduko ginela, baina bigarrenean hotzak arropa gehiago jartzera behartu gintuen. Igoeraren lehen zatian Andreas ni baino hobeto zihoan. Baina hirugarren kanpalekutik aurrera haizeak sekzio batzuetan elur asko pilatu zuen, eta urratsa zabaltzea kosta egin zitzaigun».

Alabaina, “ezusteko” horrek egiten ari ziren denboran ez zuen eragin zuzenik izan; besteak beste, aurreikusitakoa hobetzen ari zirelako (ordubete eta erdi gutxi gorabehera).

Denbora ez, baina bi alpiniston egoera aldatu egin zen. Steindl atzean geratzen hasi zen: «Erritmoa mantsotu zuen, eta une jakin batean nik bakarrik jarraitu nuen. Ez zen erabaki erraza izan, errekor horren bila elkarrekin atera baikinen. Zorionez, nire helburua ondo atera zen. Jaitsieran ez nuen batere arazorik izan».