Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kontuak atera!

Gizarteak likidoak ei dira planetako gaurko munduetan. Jendarteak ere halakoxeak. Kontuak atera! Orain gutxira arte ozeanoak ziren likidoak, orain kontinenteak ere, eta ez da itsas maila igotzen ari delako! Kasualitatea? Ez, kausalitatea! Horra konstituzioak, hain dira likidoak non barruan kabitzen ez direnak joan badoaz, isurian joan ere, isurialde berrien bila… izan euskaldunen itsasorantz, katalanenerantz edota eskoziarrenerantz, kasurako. Horra kolpea! denetan «K», Kalitatekoa, 0 Kilometrokoa! Izan ere, globala aldatzeko lokala hasi behar da aldatzen, eta museora mapamundi zaharrak! Dabilen mapan muga zaharrik ez!

Hortaz, Domu Santu egunen batean gurean ez den dependentzia ospatuko dugu, ospa egin izana ospatu ere, bizi-herrian prezisamente, «edozein herriko jaixetan»! Eta ez-dependentzia goratuko egun horretan! Hortaz, independentzia ez dela posible esan berri du kanpaina hasieran hango presidente sozialistak. Sozialismo halakoa ere! Hor ikusi dut sozialista, kale izkinan, mahaitxo tolesgarriaren gaineko hiru godaletak eta dado faltsua arin-arinka mugitzen, sigi-saga, eskuma-eskuin, federalismoa zeinetan den itaunka, dado-deman. Eta ez dute, bada, sozialista horiek esan hemengo «singularitatea» han errespetatzen duten bakarrak direla? Ama, ama! Ez ote ginen pluralak?

Eta hemendik atera gabe, horra jelkideen eta jeltzaleen aliantza. Ez ote dute, bada, esan trainerua prestatu dutela euskal agenda han behean defenditzeko? Eta hortxe dagoz, eurek sortuak ez diren olatuen gainean, gora eta behera, dinamismo itxuraz… Ene, ene! Baten batek esan beharko lieke han behean kostarik ez dela, eta aingura behingoz jasotzeko ere, ez dakien berriro gertatu bizikleta estatikokoa.

Total, hara begira eta gidaridun ibilgailu zerbitzua hona sartu, agendaren uberan. Kontuak atera!