Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ahoan bilorik gabe!

Gogoeta eguna omen, amen! Bai zera! Ni neu sikiera egunero nago gogoari bidea ematen, gau eta egun, batzuetan belarrietatik kea atera arte eman ere. Gogoeta egun ofizialean salbu. Beraz, eta beheko Estatuan nagusi den mediokrazia hori modu zibilean desobedituz, uko egin diot zapatu honetan gogoeta egiteari. Nire legearen aginduz zin egin dut hori. Legez kanpo utziko gaituztela? Bada, jakin dezaten gu beti lege barruan garela; hori bai, gure legetik kanpo dago euren legea. Horixe kontua, euren legeak ezin konpontzekoa!

Tira, botoaren harira! Gaur hara joango naiz. Bihotzak ezetz diost, ez sartzeko papera, eta buruak, ordea, baietz… Biei emana diedanez erabakitzeko eskubidea… arima aspaldian konpostera bilduta! Baina halako egunetan buruari egiten diot jaramon. Eta joan banoa. Are, mahai txikira gerturatu eta mahai nagusiko batzuen partetik ikusia izateko, apropos hartzen dut boto-papera, altxatu eta pare bat buelta ematen dizkiot ontzira sartu aurretik. Ene bada! Izango ote da hori bihozkada bat? Hil osteko balizko bizitzan toreroa izango naizela? Hau akabua! Zezena behintzat balitz, gaitz erdi!

Kanpaina behingoz joan da, ofiziala. Portzierto, lanpetuta ibili naiz azken egunotan eta ez dut neure buru-prentsa ganoraz begiratzeko betarik izan, atera egin zuten monarka inguratuta zegoen lekutik? Edo espioien pelikuletan esaten den modura, “estrakzioa” prestatu zioten zer horri? Egia esan bost axola niri, jakin-nahikeria baino ez!

Dena dela, gauza bat sikiera aitortu egiten dut. Lehenengo aldiz entzun dut Ajuriaeneko maizterra burujabetzaz ahoan bilorik gabe mintzatzen… Izango ote da japonieraz esan zuelako? Ama, ama! Eskerrak Lurrama dugula Iparraldean, “Klima, bizia da” lelopean planetako munduak eta guztion bizitza aldarri… Ama, ama! Lurra da!