Oskar Arantzabal, Baleren Bakaikoa eta Joseba Barandiaran
Biltzarreko Batzorde Zientifikoa
KOLABORAZIOA

Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra

Azaroaren 14an, Donostian, Euskaltzaindiaren Tolare eraikinean, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra egingo dugu egun osoko ekitaldi akademiko batean, “Historiatik etorkizunera” lelopean. Bertaratu nahi duenak, jadanik, badu eskuragarri ekitaldi horretarako eratu dugun egitaraua.

Badira dagoeneko 35 urte biltzar hau antolatzeko lehenengo urratsak eman genituela. Izan ere, 80ko hamarkada hartan, artikulu honen sinatzaileetako bat Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Ekonomia sailburua izateaz gain, erakunde akademiko horretako zuzendaria ere bazen eta saiatu zen, beste zenbait euskal ekonomialarirekin, biltzar bat antolatzen. Baina ez zen posible izan, nahiko masa kritikorik ez zegoelako. Denbora joan ahala, aldiz, euskal ekonomialarion egoera hobetu egin da eta apustu hau egitera ausartu gara.

Duela hiru hamarkada eta erdi, Euskal Herrian pil-pilean zeuden gaiak eta gaurkoak arras ezberdinak dira. Izan ere, 80ko hamarkadan aldaketa nabarmenak eman ziren, autonomia estatutuak, bai EAEn bai Nafarroan, indarrean sartu zirenean. Estatutu horiek onartu ostean, EAEn Ekonomia Ituna eta Nafarroan Ekonomia Hitzarmena sartu ziren indarrean eta finantza baliabide publiko ugari eskuratu genituen; baliabide horiekin, politika ekonomiko autonomoak aurrera eramateko aukera eskuratu genuen, baita indarrean jarritako politiken ondorioak aztertzeko parada ere.

Halaber, 1986an Europar Batasunean sartu ginen eta, aurretik, gure ekonomia egokitu eta doitu behar izan genuen mapa ekonomikotik ez desagertzeko. Ondorioz, zenbait oinarrizko industria sektore birmoldatu egin behar izan genituen eta, aspaldian ez bezala, langabezia tasa izugarri handitu zitzaigun. Eta zer egin langabe horiek guztiak enplegatzeko?

Ez dugu ahaztu behar, bestalde, ekonomialariok euskaraz lan egiteko nahikoa masa kritikorik ez zegoela. Izan ere, urte horietan hasi ziren lehen belaunaldiak fakultateetatik euskaraz trebatuta irteten. Horrez gain, ez zegoen apenas ekonomiari buruzko testurik euskaraz, nahiz eta ordurako Gurutz Ansolaren ekonomiaren gaieneko liburua eskuartean genuen. Baina salbuespena zen euskaraz materialak aurkitzea. Profesionalen aldetik, Ekonomialarien Elkargoa egon, bazegoen, alabaina, euskarak ez zuen orain dituen ikusgarritasuna eta antolamendua.

Gaur egun, euskal ekonomialarion egoera bestelakoa da. Hasteko, euskara normalizazio bidean dago diziplina honetan, nahiz eta asko falta den oraindik. Baina aurrera goaz, zalantzarik gabe. Bestalde, ekonomiak orain dituen erronkak eta arazoak erabat aldatu zaizkigu.

Industria eta nekazaritza pisua galduz doaz eta, sektore horietatik at geratzen diren langileak, zerbitzuetara zuzentzen dira. Zer egin enplegua are gehiago murrizten bada robotika dela-eta? Horren erantzuna Ibarretxe jaunak eta beste hainbat txostengilek emango digute. Eurek azalduko digute euskal ekonomiak mundu globalizatuan izango duen txokoa, edo 4.0 industriak hobe bizitzeko emango dizkigun aukerak; izan ere, aisialdi denbora areagotzea ez da batere zaila izango, baldin eta ekonomia politikaren menpe ezartzen bada.

Halaber, euskal pentsio sistemaz ere eztabaidatu behar dugu, konponbidea produktibitatearen hazkundearen eta finantza iturri gehigarrien eskutik etor baitaiteke. Gai potolooz gain, baditugu beste hainbat ere: klima aldaketa, generoari lotutakoa, ekonomia jasangarria, menpekotasuna, ekonomia zirkularra...

Hau dena ikasteko eta, batik bat, eztabaidatzeko parada izango dugu, irakurle estimatua, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrera hurbiltzen bazara.