Xabier ETXANIZ ERLE
GAZTE LITERATURA

Bakardadea hausten

Nobela honetan barneratu bezain laster nabari da idazlearen hizkuntza literario zaindua; hasiera-hasieratik narrazioaren erritmoak eta kontakizunak harrapatuko du irakurlea: «Bederatzi-bederatzietan, neskato batek parkea zeharkatzen zuen. Bakarrik igarotzen zituen etxetik eskolarainoko berrehun metro doiak. Amak leihotik zeltatan egoten zitzaion; lehen ere zenbat aldiz egon ote zen halaxe, piztiaren batek eraman ez zezan, han, Afrikako lurralde urrunean».

Eta kontakizunari horrela ekiten diona Hermenegildo dugu, bizi guztian erretxin samarra eta orain, bihotzekoak eman ondoren, bere baitan aldaketatxoren bat nabaritu duen agurea. Izan ere, egunero goizean goiz jaikitzen da paseoa ematera eta goizero haurrak eskolara sartu aurretik parkean egoten da, eserita, ibilera leuna duen neskatoa ikusten. Eta agure horrek, Hermenegildok, eta neskatoak duten harremana izango da nobela honen gakoetako bat.

Agureak ez daki neskatoaren izena baina Argi deitzea erabakitzen du, «haren irudi distiratsuari begira, Argi izena imajinatzen nion, Iluneko Argi, Goizargi». Eta Iluneko Argi hori izango da Hermenegildoren bizitzan argitasun, esperantza, bizipoz ematen dion elementua, pertsona.

Bien arteko harremana nobelako gakoetako bat dela aipatu dugu, baina ez bakarra, eta agian ez nagusia, nobela honek, batez ere, zahartzaroaz hitz egiten digulako. Nolakoa den Hermenegildoren bizitza, zer egiten zuen, nolako harremana duen naturarekin, nola hitz egiten duen zuhaitzekin eta nola, agure bakartia izanik, hainbaten errezeloa izaten duen, haurrengandik gertu dabilen agurea izanik.

Eta elementu hauen konbinazio ezin egokiagoaren bidez lortzen du Igerabidek Hermenegildoren eta Argiren arteko istorioa lotzea, baina baita agureak arrebarekin eta maiteminduta duen auzokoarekin duen harremana ere. Izan ere, kontu asko gertatzen dira Hermenegildoren bizitzan, eta kontu horiek guztiak kontatzen dizkigu agure bitxiak.

Horiek bakarrik ez, zuhaitzekin eta gizakiekin duen erlazioaren ondorioz hainbat istorio eta ipuin ere tartekatzen dira narrazioan, eta hauxe litzateke, gure ustez, liburuko ahuldade bakarra. Ipuin horietako batzuk egokiak izanda ere, zenbaitetan luzeegiak eta baita korapilatsuak iruditu zaizkigulako, Lertxunak hasieran kontatzen duena adibidez; Lertxunak istorio bat kontatzen dio Hermenegildori eta istorio horren barruan tartekatzen da ipuin bat; azkenean agureak kontatzen digu zuhaitzak kontatzen duen istorio bat eta honen barruan ipuin bat.

Hala ere, aurrekoa kontuan izanik, aitortu behar da hamar ataletan antolaturiko nobela hau ederki eta oso ongi irakurtzen dela. Kontakizun bizia da, gertakari asko jasotzen dituena eta arestian aipatutako idazkera landu eta zainduan. Irakurleak Hermenegildoren bizitzako gorabeherak ezagutuko ditu, nola sentitzen den bakarrik eta triste, nola aurkitzen duen bizipoza, maitasunak ere nola ukitzen duen nahiz eta berak zalantzak izan eta nola alda gaitezkeen eta amaitu etsaiari laguntzen.

Raquel Catalinaren irudiek ederki islatzen dute nobelaren tonua, zuri-beltzekoak dira, eta protagonistaren animoa erakusten digute, iluntasunean batzuetan, tristuran bestetan, edo une alaiak bizitasun eta argitasun handiagoz. Azaleko irudiak, gainera, ederki islatzen du nobelaren nondik norakoa, agurea eta neskatoa zuhaitzari helduta, agurea neskatoa babesten eta agure erretxin ohiaren aurpegi erdian irribarre zoriontsua. Irudiek, beraz, irakurleari istorioan barneratzen laguntzen diote. Hori bai, istorioak berak, ipuinen zehar ageri den bederatziko taulak bezala, inolako eragozpenik gabe eramaten zaitu Hermenegildoren bizitza gorabeheratsuan zehar.