Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Apurtzean, zati bakoitza oso!

Itsasoaren hondoko edozein prozesuk eragindako eskala handi eta epe motzeko olatu itzela». Halaxe definitzen du Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak ‘tsunami’ hitza. Bai zera! Bada, izan ere, definizio asko aldatu beharra, han-hemengo gertaerak hitzen aurretik doazelako. Bestela esateko, hiztegia dinamikoa da edo ez da hiztegia, eta hori hizkuntzaz aparte. Horra, kasuko! ‘Mediokrazia’ berba, ofiziozko politika ofizialaren orubekoaz ari garenean hitzetik hortzera erabiltzekoa, ‘demokrazia’ berbaren jatorrizko esanguraren ifrentzua. Orube horretan hitzontzi huts-ontzi, lurralde askotako hautetsontziak horren lekuko.

Tira, tsunami matazaren harira! «Epe motzeko olatu itzela», bai, gurean hainbat izan ditugu holakoak, kostako plazetan zein barnealdeko etorbideetan, olatuak. Eta asko epe luzekoak, oraindik ere aldarrikapen ozena direnak, halabeharrez, olatuak eraginkor izateko etenik gabe mantendu behar direlako mugimenduan, dinamikoan, joan eta etorrian bada ere. Eta hauxe kolpea gero! Olatuok sorreran izan duten bultzada ez da itsasoaren hondotik etorria, lehorreko giza lurraldetik baino! Are gehiago, olatu horiek tantaz tanta joan dira itsasoa bera betetzen, plastikoari lekua kentzen.

Hortaz, lurreko tsunamiak ikusten hasiak gara Pirinioetako bazterretan. Ziklogenesi leherkorrak, presio altukoak gainera! Non eta muga transgenikoetan! Borraska politikoak ulertzeko bestelako modua. Klima politikoa herritarren esku, periferiako errepubliketan; zentroko basamortuko mediokraziari aurre eginez. Klima demokratikoa. Muga transgenikoak, bai; gaurko mapa geografikoek balore-burtsan duten balioa hedakorra da oso…

Denok gara klima larrialdian, eta zezen-larruko asko lurralde larrialdian ere, tarrat egiteko garaiak dira… zati bakoitza osorik bizi ahal izateko!