Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Eltze txikietan prestatutako 13 ipuin dakartza Rafa Egigurenek

Rafa Egigurenek bere lehen ipuin liburua idatzi du, «Txipiroiak bere beltzean» (Susa), poesia, eleberria eta saiakerarekin ausartu ostean. Oraingoan ere nobela zuen buruan, baina istorio guztiak eltze berean nahastu beharrean, testu laburrak idaztea erabaki zuen.

Eltze txiki desberdinetan kozinatutako 13 plater dastagarri prestatu dizkigu Rafa Egigurenek “Txipiroiak bere beltzean” (Susa) ipuin liburuan. Sukaldaritzaren inguruko liburua badirudi ere, elkarren artean lotura bat izanik gai desberdinak lantzen dituzten kontakizun laburrak dira. Izan ere, izenburuak badu bigarren irakurketa bat: «Txipiroiak bere beltza erabiltzen du arriskuen aurrean».

Idazleak berak azaldu zuenez, hasiera batean eleberri bat idazteko asmoa zuen, baina orduan oraindik lanean ari zenez, ideia hori baztertu eta buruan zituen istorioekin ipuinak idaztea egokiagoa izango zela pentsatu zuen, ipuinak trinkoagoak diren arren proiektua «menderagarriagoa» izango zelakoan.

Horrela, 13 kontakizun sortu ditu tonu desberdinean idatzitakoak. «Egilea ez da egokiena bere liburuei buruz hitz egiteko. Segur aski, ipuinek niri buruz gehiago jakingo dute nik baino», aitortu zuen.

Horietako batean agerian geratzen da Japoniako antzerkiarekiko duen interesa, baita klandestinitatean antzerki testuak irakurtzen ziren garaiko aztarnak ere. Alde horretatik, liburuak «teatralitatea» duela uste du egileak.

Egigurenek Ekialdeko kulturetan interesa du, batez ere Txinan. Hori dela-eta bertako hizkuntza ikasten ari da, eta hainbat poeten testuak itzultzeko aukera izan du. Ekialdeko kulturak ere oso presente daude “Txipiroiak bere beltzean” liburuan. Esaterako, “Wo ai ni” izenburuko ipuin bat dago –horrela esaten da “maite zaitut” txineraz–, “Ludwig zaharra” testuan ere erreferentziak egiten zaizkio Txinari eta “Ad maiorem Dei gloriam”-en sinogramak ere erabili ditu, irakurle gehienak horiek irakurtzeko gai izango ez diren arren. Hor dago jolasa, berak horiek ulertzeko gakoak ematen baititu kontakizunean zehar, nola irakurtzen diren eta horien esanahien berri emanez.

Egunean bat

Koldo Izagirre ere mintzatu zen aurkezpenean bere lagunaren lanaren inguruan: «Gozamena izan da liburu hau irakurtzea», azpimarratu zuen. Bere ustez «ipuina ondo kontatutako edozein istorio da». Gakoa da, beraz, kontakizuna ondo edo gaizki egiten den, ipuinak idazteko dekalogoa fin jarraituta ere ipuin txarrak idatzi izan direlako. Baina ez da Egigurenen kasua, honen ipuinek ez baitigute hutsik egingo, Izagirreren iritziz.

«Donostiarrek ‘pintxo’ deitzen dioten hori ‘ogigaineko’ deitzen genion lehen euskaldun zaharrok. 13 ogigaineko jan ostean, zein zapore geldituko zaigu», bota zuen liburuko ipuinei erreferentzia eginez.

Bere hitzetan, «ipuina artelan konpletoa da, hasi eta bukatu egiten dena, ez du jarraipenik». Motza bada ere obra oso bat denez, egunean bakarra irakurtzea gomendatzen du, ondo dastatuz, aurrekoaren atmosfera desagertu arte hurrengora pasatu gabe.

«Literaturan egile asko daude: antzerkigileak, poemagileak, nobelagileak... eta beste multzo batean daude egin beharrean idatzi egiten dutenak. Rafa Egigurenek idatzi egiten du. Hizkeraren jabe da, badaki elegante izaten zehaztasuna galdu gabe», adierazi zuen.

Hala ere, Egigurenen lehen ipuin liburua da honakoa. Aurretik poesia, nobela eta saiakera idatzi izan ditu. Orain Susaren eskutik iritsi zaigun lanak bere lehen liburuari erreferentzia egiten dio, “Txipiroiren bat edo beste” (Ustela, 1981). Liburu horretan poesia landu zuen, “Mugarrien garraioan” (Susa, 1986) bere bigarren lanean bezala. Bi argitalpen horietako olerkiak hautatu eta bildu zituen Koldo Izagirrek Susaren XX. Mendeko Poesia Kaieren baitan 2002. urtean idazle hernaniarrari eskainitako monografikoan.