Araski, presiorik gabe Perfumeriasen etxera
Joan den asteburuko atsedenaldiaren ostean –2020ko Tokioko Olinpiar Jokoen sailkapen fasea prestatzeko kontzentrazio labur bat egin zuten hainbat selekziok–, Emakumeen Endesa Liga hemen da berriz. Gaur arratsaldeko 18.00etan jokatuko dute hiru euskal taldeek: etxean IDK Gipuzkoak eta Lointek Gernika Bizkaiak hurrenez hurren Campus Promete eta Ensinoren aurka, eta etxetik kanpora RPK Araskik, Perfumerias Avenida ahaltsuaren kantxan.
Zalantzarik gabe, talde gasteiztarrak dauka hitzordurik zailena, Perfumerias Avenida Liga irabazteko hautagai sendoenetakoa baita, Gironarekin batera. Alabaina, Salamancakoak ez daude kukurruku askorik jotzeko moduan, lehiaketa eten bezperan Ensino talde galiziarraren etxean 68-62 galdu zuen-eta. Egia da, bestalde, Madelen Urietaren taldea ez dela ongiegi moldatu talderik gogorrenen aurka, baina Araskik, zer galdurik ez duenez, batere presiorik gabe jokatuko du eta akaso buruko min bat baino gehiago emango dio aurkariari.
Gainera, arabarrek azken hiru neurketak erreskadan lortu dituzte eta hori guztia gutxi ez eta, Maria Asurmendik eta Laura Quevedok motibazioz gainezka jokatuko dute, Perfumerias Avenida talde indartsuaren elastikoa ere defendatu baitzuten.
Jokalari berri eta guzti
IDK Gipuzkoak azkenengo jardunaldian Bembibreren kantxan irabazi zuen eta, ondorioz, jaitsierako postuetatik hanka egin zuen. Arnasa sakon hartu ahal izan dute Azu Muguruzarenek, baina ezin dira deskuidatu. Izan ere, Logroño Campus Promete taldea ere ez dago partidarik oparitzeko. Biek ala biek 2-6ko balantzea dute eta Ligako azken postuak hurbilegi dituzte lasaiegi aritzeko.
Dena dela, IDK Gipuzkoak taldea indartu ahal izan du azken egunotan, Joyce Cousseins-Smith antolatzaile frantsesa fitxatu ostean. Hauxe du aurreneko esperientzia Estatu frantsesetik at 30 urteko jokalari honek, baina 15 urte zituenetik maila gorenean ari den antolatzaileak bere eskarmentua alde izango du aurreneko egunetik maila ona emateko; mila mesede donostiarrentzat, ongi jokatuko balu.
Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, Ensino jasoko du Malosten. Ensinok Perfumerias Avenidari irabazi berri badio ere, ez dio inbidiarik talde bizkaitarrak, Mario Lopezenek Gironan irabazi baitzuten. Bi asteotan Gaby Ocete belauneko kartilagoko lesiotik osatzen saiatu da; ikusi egin behar jokatzerik duen.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
