Amagoia MUJIKA TELLERIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

JON MAIA TOLOSATIK ILLUNBERA HEGAN, LEHEN FINAL PAREKIDEA JOKATZEKO

GIPUZKOAKO FINALAK BADITU FINALISTAK. ABENDUAREN 14AN LAU EMAKUME ETA LAU GIZONEZKO ARITUKO DIRA KANTUAN: AGIN LABURU, BEñAT GAZTELUMENDI, JON MAIA, ALAIA MARTIN, ANE LABAKA, OIHANA IGUARAN, BEñAT LIZASO ETA NEREA ELUSTONDO. ATZO TOLOSAN JON MAIA GAILENDU ZEN, SAIO ONA ETA KARTZELAKO APARTA JOSITA. DENA PREST AZKEN GELTOKIRAKO.

Eta, orain, Illunbe. Xuxurlatuz bezala entzuten ziren aurreikuspenak bete dira eta lehen aldiz parean arituko dira emakumeak eta gizonak finalean; lau eta lau. Hortik aurrera, bakoitzak ahal duenaren eta nahi duenaren artean egin beharko du dantza. Finalak ertz politak ditu. Bestea, hiru finalista berri izango dituela; Nerea Elustondok, Beñat Lizasok eta Ane Labakak lehen aldiz probatuko dute Gipuzkoako finala. Kantatzeko toki aparta da “lehen aldi” hori, final bati punta ateratzeko kantoi tentagarria.

Gatozen atzokora. Txapelketako trenak azken-aurreko geldialdia egin zuen Tolosako Usabal kiroldegian. Giroa, bikaina. Publikoa zorrotz eta bertsolariak hanka puntetan, asko zegoelako jokoan. Behin finalaren atariraino iritsita, denek nahi zuten Illunbeko atea jo kox-kox. Jon Maiak hasieratik jo zuen sendo, jostari eta lehiakor.

Lehen ariketan Oihana Iguaranekin aritu zen, hamarreko handian. Gaia, deserosoa, ariketa horretako ofizio guztien parekoa: Abokatuak zarete. Torturatzaile batek bere delitua onartu dizuen arren, epaiketan hura defendatzea erabaki duzue. Hauxe, Maiaren bigarrena: «Onarpen hoiek ez dakit lagun ni norantza naramaten/ karrera bukau eta etxe bat nola erosi dudan aurten/ honek ematen digu dirua ta ematen digu jaten/ neri berdin zait sartzen bagara bidezidor oker baten/ zuzenbidea beti ez baita bide zuzena izaten».

Esan bezala, Jon Maiak ofizio guztiak goitik eraman zituen, eta kartzelakoan apartatzeko moduko hiru perla, Hezurbeltzak bere taldearen “Denbora ez da pasatzen” kantuaren doinuan. Hauxe izan zuten atzo kartzelako ariketa josteko gaia: Telefonoak jo du. Begiratu duzu eta berriz ere zenbaki bera da.

Jon Maiak hasierako agurrean kantatu zuenez, 35 urte bete ditu aurten. Bai, txapelketan. Eta bizitzaren aroa bizitzarekin bat badoa, biak finalerdietan izango dituela. Atzo kantatu zuen kartzelakoan sumatu ziren bizitzan eman dituen pauso horiek. Maitasunari kantatzeko moduak eta moduak daude.

«Maitasuna izan leike usteltzen ez den likore/ maitasunaren lurretan gu izan ginan bi lore/ berak jarraitu nahi zuen nik berriz betiko gorde/ nik ez nun izan nahi baina sentitu nintzan hain borde/ denbora pasa da eta izan naiteke traidore/ baina berriz daukat deika ze bildur ta ze ohore (bis)/ maitasuna eman nahi dit ta ez du eman nahi amore». Horixe, lehen perla. Eta beste biak ere bide beretik. «Haseran ilusiotan eman genuen urratsa/ gero lurra malkoekin bilakatu zen lokatza/ nonbait ez da desagertu oraindik gure lorratza/ ta niri begira dauka dei horrek iparrorratza/ telefonoai begira gorputzak a ze balantza/ hartu edota ez hartu bertan utzi edo altxa (bis)/ nigan zalantza pizten du ta beregan esperantza». Eta, azkena: «Sarri asko pentsatu det mundu triste, mundu hitsa/ dei batek izan dezake etorkizunaren giltza/ ez ginela elkartuko jarri genuen baldintza/ baina jakin-mina dugu barrua jaten dun sitsa/ beraz banoa aurrerantz ahaztuaz lehengo desditxa/ misterioz betea dago bihotza eta bizitza (bis)/ hainbeste eman zidanari zergatik ukatu hitza».

Bigarrena, Oihana Iguaran, 471 punturekin. Ariketa guztietan ondo eutsi zion eta ertz politak marraztu zituen. Horietako bat, Beñat Lizasorekin batera, zortziko txikian. Bikote baten paperean aritu ziren, ligatzeko aplikazio batean beren arteko bateragarritasuna neurtu eta emaitza bitxia: %5.

«Aplikazio honek grazi pixkat badu/ konparaketa hori jarriz geure kargu/ ehuneko bostean gelditu gera gu/ orduan meritua doblea daukagu», hasi zuen ariketa Lizasok. Eta, Iguaranek, erantzun: «Egia esan irauten ez da gutxi kosta/ ta emaitza nahi nuke gaur gauean ospa/ ehuneko bosta degu horixe da koska/ ta meritua beste larogeitamabosta».

Gero, seiko motzean, Jokin Urangarekin batera ofizio dotorea josi zuen. Gurasoa eta semea ziren. Orain arte Gabon gaua elkarrekin pasa duten arren, Jokin aurten bikotekidearen familiaren etxera doa. Hauxe, Iguaranen hirugarrena: «Zabaldu dira bi tarte/ bideek hori dakarte/ ez det eduki gertu mantendu zintzan beste arte/ nahiz utzi nauzun aparte/ osasuna den bitarte/ izan nahi nuke sortuko duzun familiko parte». Eta hona, Urangaren erantzuna: «Orain behera orain gora/ zuretzat ez da mejora/ horren tristea orain ez zara ama izango ba/ familia sortuko da/ bada hortako denbora/ ama afaltzera bakarrik noa ez beste inora».

Hirugarrena Beñat Lizaso izan zen. Txapelketetan beti atarian geratu izanaren zama darama bizkarrean eta horixe adierazi zuen lehen agurrean, Tolosak orain arte aurpegi txarrena erakutsi ziola. «Alde gozoa da probatzeko gelditzen zaidan bakarra», hasi zuen saioa. Eta, bukatu, bi besoak altxata eta emozioa barruan kabitzen ez zitzaiola. Pozik, oso pozik, atzo bildutako 469,5 puntuek balio diotelako finalerako txartel bat erosteko. Saio polita josi zuen eta kartzelakoan ere txukun. Lantegian lanean zegoela sumatu zuen telefonoa jo eta jo. «Pentsatu arren ez badut hartzen dela neuretzat kaltera/ hartu edo ez hau da barruan darabilkidan galdera/ berdin-berdin zait zer den enpresak hartuko duen jarrera/ erantzutea da azkenean nik egin dedan aukera/ hirugarrengo ume bat dator berriz familia gera/ lana bihar ere hor egongo da ni banijoa etxera».

Laugarrena, Jokin Uranga, 456,5 punturekin. Gozatu baino sufritu egin zuen gehiago. Egonezinez aritu zen eta pena, orain artean txapelketa pauso patxadatsuz eta seguru ibili duelako. Hamarreko handian Beñat Lizasorekin abiatu zen, bere bigarren etxebizitza ijitoei alokatu nahi ez dienaren ahotik. Egoera deserosoa, publikoaren marmarra horren seinale. Hor asmatu zuen kokatzen. «Honen errudun zein da ordea gu biok ala sistema/ denok dakigu ijitoekin badago hainbat problema/ gu kritikatzen ari zarete gaizki egin dugu dena/ barruan senti ditzakezue amorrua eta pena/ hainbeste maite badituzue utziezue zeuena», bukatu zuen ariketa.

Bosgarrena, Iban Urdangarin. Ataungo aguazila da lanbidez eta hortik eutsi zion gaiari. Oso gertu genuen Ataungo alkateak, gainera, aitortu zuen edozein ordutan deitzen diola. «Hartu edota ez hartu lehendabiziko baldintza/ berriz zenbaki berdina hauxe da nere desditxa/ begiak zabaldu ezinik gu horrelaxe gabiltza/ hartu det ta alkatea ez dit ba lehen hitza/ jeiki aguro ohetik zeinen arrazoi bortitza/ kotxe bat azeran dago ez argi eta ez giltza/ pentsa zeinen gogorra den agoazilaren bizitza». Oso txalotua izan zen ariketa hori.

Seigarrena Haritz Mujika izan zen. Txapelketa ona berea.