Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Adituak

Eguraldiak inor gutxik bezala daki: egun bakoitzak ere asko ikasi du jada. Euriak eta haizeak, hotzak eta beroak, mendigoiak bezala ibaiondo bakoitzak... ikasle argiak laurak, beren komenentzietara egokituak. Sortzen dutena, jakina, bizidun bakoitzari inporta zaiguna: ez da libratzen ez matxinsalto arinena, ezta bufalo mando gizenena ere.

Azken hauek noski, animalien eskola jaso dute eta, gehienak, ia denak, xuxen matrikulatuak datoz naturaren eskola horretatik. Eta, noski, errekondoan ez bada giro, mendikate bat edo beste bisitatu eta bertan jatena aurkituz, hurrengo koska edo txokora, aukeran pasako dira; urtaroen giroa ere, zenbat txori klasek, tamaina galantekoak ere, ez dute aprobetxatzen komeni zaien tokian, Andaluzian edo Afrikan...

Guk baino hobeto dakite eguneroko eta ordueroko detaileen berri. Hau diot, herenegun jardun genuelako goizaldeko izotzaren gorabeheran. Bezperako iluntze hain argi eta gozoan, zerualde urdin garbiak genituenez, inguruko dozena-erdi bat lagun: «Bihar goizean botako dik izotza, ikustekoa izango duk!». Jakintsu ez agertzeko, txorien pareko, alegia, aldamenekoari esan nion: «Bihar izotza, ez demasa, bai polita eta biguna, Oñatin ia denean eta inguruko belazeetan ikusiko duk. Eta hemen batere ez».

Eta halaxe gertatu. Hurrengo goizean, behetik zetozenek harrituta galdetzen ziguten, ea nola urtu genuen izotza, hemen altuan hain garbi egoteko? «Pisuak behera jotzen dik, hotzak bezala; arinenok, airetara!»