Amalur ARTOLA
DURANGO

Artisau belaunaldi berriak ere ari dira batzen Euskal Dendara

Durangoko Azoka beti bera baina aldi berean ezberdina da, eta horren lekuko da Euskal Denda ere. Igandera bitartean, artisauek Merkatu Plazan izango dute euren produktuak jendarteratzeko beta eta, aurten, bertaratu diren 52 artisauetatik 13k dute lehen aldia azokan.

Eztabaidaezina da Landako Gunea dela Durangoko Azokaren erdigune neuralgikoa, baina ez da interesgune bakarra. Azokak ingurune guztira hedatzeko egiten duen ahalegina ematen ari da bere fruituak eta, horien artean, Euskal Denda izango da egonkortasuna aspaldian eskuratua duen bakarrenetakoa.

Durangoko Merkatu Plazan du kokalekua Euskal Dendak eta atzo ireki zituen ateak, 52 artisauren produktuak jendaurreratu eta, bide batez, horiek lan nola egiten duten ezagutzeko parada eskaintzeko.

Inaugurazio ofizialaren ostean prentsarekin egiten den bisitan, azokaren aniztasuna eta artisauek beren produktuetan jartzen duten mimoa geratu ziren agerian. Baita transmisioa ziurtatua dagoela ere: aurten Merkatu Plazan egongo diren 52 artisauetatik 13k, %25ek alegia, lehen aldiz erakutsiko dituzte euren lanak Euskal Dendan.

Arbasok, Euskal Herriko artisautza tradizionala sustatzeko elkarteak, antolatzen du azoka eta, aurkezpenean, artisauena «gero eta dibertsifikatuago, zabalago, heterogeneoago eta eklektikoago» bilakatzen ari dela azaldu eta Euskal Denda artisautza «bizirik dagoen sektorea dela egiaztatzeko topaleku saihestezina» bihurtzen dela ziurtatu zuten. Merkatu Plazara lehen aldiz datozenei erreferentzia eginez, «argi geratzen da sektorearen belaunaldi berria badatorrela eta erakundeen aldetiko laguntza behar duela irakite bizian dabilen gremio honek», esan zuten.

Euskal Dendaren 24. edizioko leloa “Larruzko lilia” da. «Izan ere, sentikortasun handiz daramate artisauek beren lanbideekiko grina; barruan daramate txertatuta lanarekiko sentimendua sektore ekonomiko horren ahalmenaren eta sostenguaren alde, baita gure kulturaren zati handi baten alde ere».

Igandera bitartean, Merkatu Plazako 1.600 metroetan paperezko bitxiak, zeramika, egur taila, feltroa, ehungintza, elikagaiak, haurrentzako jostailuak... eskuz eta mimoz sortutako produktuak egongo dira eskura.