Xabi SOLANO MAIZA
gara, donostia
SORMEN EZKUTUKOAK

“BI”garrena

Ereñotzu” izan zen lehena, eta hauxe da bakarkako nire bigarren diskoa, ”Bi”. Bi disko dira, batek 13 abesti berri ditu eta bigarrenak, 10 bertsio.

Denborarekin abestiak pilatzen zaizkit, eta horiek plazara ateratzeko modua da diskoa nire izenarekin defendatzea. Egia esan, egunero ari naiz musika sortzen, niretzat behar bat da eta nire barruak hustu egiten ditut horrela. Trikitixa edo gitarra eskuan hartu eta melodiak ateratzen ibiltzen naiz, nire buruarekin hitz egiten egongo banintz bezala da, bakarrizketa intimoa. Edozeinek zulotxo batetik ikusiko banindu, esango luke: hau ze kristo dabil!

Sorkuntza eta lan egiteko modua guztiz desberdinak dira, bestalde, Esne Beltzarekin eta nire bakarkako diskoan. Badira musika estilo batzuk ez direnak Esne Beltzaren munduan sartzen edo ez ditugunak adostasunez ikusten taldean. Nirean, ordea, badakit ardatz nagusia nik txiki-txikitatik landu dudan instrumentuak izan behar duela, trikitixak, nire ibilbide musikala eta nortasuna ezaugarritu duen musika tresnak. Esango nuke Esne Beltzaren disko bat erronka handiagoa dela niretzat, beti ere zerbait berriaren bila joan nahi izaten dugulako, disko bat mundu ezberdin bat bezala ikusten dugulako. Nire diskoan, aldiz, nire munduan ibiltzen naiz bidaiatzen eta han lasaitasunez sor dezaket. Momentuan ateratzen zaizkidan melodiak telefono mugikorrean grabatzen ditut askotan eta hortik ordenagailura; gero nire lagun Jon Garmendia «Txuria»-ri eta nire arreba Krisi bidaltzen diet ea zer iruditzen zaien jakiteko. Kris etengabeko erreferentzia da nire bizitzan, babesa eta konfiantza.

Hurrengo pausoa hitzak dira. Txuriarengana joaten naiz, eta letrei buruz hitz egiten hasten gara, nik zer pentsatu dudan kontatzen diot eta berak laster hartzen dit errezeloa zeren bila nabilen. Beste batzuetan ez dut jakiten zeri buruz idatzi, eta Joni uzten diot bide hori jorratzen. Abestien melodiak zer esaten dion oinarri hartuta, kantuak ekartzen diona idazten du, eta egia da oso ongi moldatu garela horrela. Bide luzea egin dugu elkarrekin eta oso ondo konpontzen gara biok.

“BI” diskoa grabatu aurretik buruari eragiten aritu nintzen, nola grabatu behar nuen eta abar; buelta piloa eman diot zentzu horretan, eta azkenean lagun askok aipatu zidaten proiektua eraman dut aurrera. Nire estudio propioa etxean eraiki eta dena bertan grabatu. Lagun askoren diskoetan kolaboratzeko aukera izan dut eta beti estudio batera joan behar izaten nuen lan hori egitera; horregatik esaten zidaten etxean txukun grabatzeko toki bat eratzeko. Gaur egun oso erraza da halako zerbait eraikitzea; ordenagailu on bat behar duzu, itxurazko soinu txartel bat, eta kalitatezko mikrofono batekin nahikoa. 1998an Elkar diskoetxeko estudioan Etzakiten lehen diskoa grabatu genuenean ez zen hain erraza, oroitzapen hori daukat. Geroztik nola aldatu diren gauzak...

Horrela, udan estudioa prestatu nuen, eta grabaketarekin hasi nintzen. Hasi bezain laster, lehen arazoa: bateriak ezin etxean grabatu, bestela bizilagunak.... beraz, Haritz Harreguyren estudiora jo nuen horiek grabatzeko. Grabatu diren bateriak bi lagun handiren sinadura daramate, Iban Zugarramurdi eta Haritz Beristain «Txiki»-rena. 23 abesti grabatu nahi nituen, bi diskotan banatuta; asko zirenez, bi bateriaren artean banatu nituen lanak, eta, bestalde, bi disko izanik, baterietatik hasita bi kolore ezberdin izatea polita ikusi nuen. Haritzen estudioan dena grabatu ondoren disko gogorrean sartu nuen eta buelta berriz nire etxera; hortxe hasi zen festa. Dena ongi pentsatua nuen, baina ez nintzen konturatu nik instrumentuak grabatzen laguntzeko teknikari bat behar nuela; beraz, nire lagun Aitor Saizarri deitu nion eta honek segituan esan zidan baietz, eta eskerrak traste hauek manejatzen oso abila den!

Hurrengo pausoa baxua grabatzea izan zen, eta horretarako ere bi kolore nahi nituen, ezberdinak izateko; beraz beste bi lagun handi elkartu nituen, Aitor Zabaleta eta Koldo Soret. Nire etxera etorri eta lan bikaina egiteaz aparte, oso gustura egon ginen, erraza baita lagunekin lan egitea. Soken txandarako, aldiz, diskoko abesti asko Harkaitz Minerri pasatuak nizkion, berak egiteko lan horren kudeaketa. Disko honetan entzuten diren orkestrazioak, mandolinak, gitarra akustiko gehientsuenak eta biolinak bereak dira. Gitarra elektriko asko, Oskar Benas handiarenak; teklatuak, berriz, Txus Aranbururenak. Txusek bere etxean landu zituen moldaketak, eta eginda bidali zizkidan; horrela, egun bakarrean sartu zituen kantuen barnean Aitor teknikariarekin. Banjo bat ere sartu nahi nuenez, Moonshine Wagon taldeko Joelengana jo nuen eta etxera etorri zen bi abesti grabatzera. Etorri zenean beraien diskoa oparitu zidan eta izugarri gustatu zitzaidan. Hor erabaki nuen talde bereko Goiatzi deitzea, argi ikusi bainuen abesti batean oso ondo sartuko zela eta bera ere etxera heldu zen.

Esne Beltzako kide guztien artean ere grabatu nahi nuen abesti bat; beraz, denak elkartuta “Ardi Herria” abestia grabatu genuen.

Azken garaiotan dezente entzun eta asko gustatu zaizkidan talde eta abeslari batzuen kolaborazioak sartu ditut lan berrian; esaterako, single moduan atera den “Euri artean” abestian Maren abeslari gernikarra entzuten da, gaztea eta talentu handikoa. Antzera ikusten ditut ere nirekin kolaboratu dutenak, Sua taldeko Ane eta Janire, Nogen taldeko Eider eta Markel eta A.M.A.K taldeko Alaitz, Maixa, Amaia eta Kris, bai, nire arreba, disko honetan garrantzitsua izan dena, lan handia egin du nirekin eta Aitorrekin, ordu asko pasatu ditu dena entzuten, iritzia ematen eta, nola ez, bere ahotsa, panderoa eta trikitixa doinuaz gain bihotza jartzen.

Ander Sanjosek ere parte hartu du panderoa grabatzen, eta bi abestitan haize sekzioa Jontron, Javi Perez eta Finoren lana izan da, perkusioak Xabi Azkaretek landu ditu eta sampler naiz skratxen soinu lana beti nire ondoan dagoen Zigor DZrena da.

Betidanik gustatu zait zerbait berezia egitea diskoekin, eta honetan bertsio disko bat sartzea pentsatu nuen. Lehen abestia argi neukan, hainbeste aldiz Fermin Muguruzaren ondoan jo dudan “Gora Herria”-ren bertsio bat egin nahi nuelako. Horretarako Arkada Socialeko Hodeiri, Patxuko Niceko Sergio Ordoñezi eta Jon Maia bertsolariari deitu nien, beraiekin batera bertsioa osatzeko.

Bestalde, 2000. urtean sortu genuen 4 Itzal taldearekin Itoiz taldeko “Espaloian” abestiaren bertsio bat egiten genuenez, 4 Itzal berriro elkartzea bururatu zitzaidan, eta hala grabatu dugu.

Nire abesti kuttun askorekin osaturik dago bertsioen diskoa.

Disko bat grabatzen dugunean nahasketen txanda dator. Horretan ere bi koloreren bila ibili naiz; disko batentzat Valentziako Mark Dasousa teknikariarengana jo nuen eta bigarren diskorako Usurbilgo Haritz Harreguyrengana, bakoitza bere estudioan.

Urrian Valentziako erkidegoko Ondara herrira joan nintzen Markekin lehen diskoa lantzera, eta handik Usurbilera, Haritzekin bigarren diskoa lantzera. Esan behar dut abentura honetan gauza piloa ikasi dudala bi teknikarirekin. 15 egunetan lan egitea oso aberasgarria izan da eta diskoetan ere nabari da.

Azkenik, zinez eskertzen dut GARAk eskaini didan leiho txiki hau eta lerrook aprobetxatu nahi ditut diskoan parte hartu duzuen guztioi eskerrak emateko, milesker bihotzez.