Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Bi pirineista akitaniarrek K2 neguan igotzeko asmoa azaldu dute

Jonathan Bordes eta Vincent Saura dira iragarpena egin dutenak. Oxigeno artifiziala erabili gabe, erabateko autonomian eta estilo alpinoan jardun nahi dute. Haatik, espedizioak itzal asko ditu.

Pixkaka osatzen ari gara neguan zortzimilakoetan jardungo dutenen puzzlea. Jaso dugun azken piezak, adibidez, nahastu egin gaitu. Bederen, Jonathan Bordes eta Vincent Saurak egin duten iragarpenak. Hutsetik atera diren Akitaniako bi pireneista dira. Bordes (40 urte) Mazamet herrikoa da; Saura (26 urte), berriz, Tolosakoa. Pirinioetan, Alpeetan eta zer edo zer Andeetan ibili dira, baina Himalaiako zein Karakorumeko zortzimilakoetan ez dute eskarmenturik.

Alabaina, bi pirineistok den-denak zur eta lur utzi dituzte honako iragarpena egiterakoan: «Gure asmoa K2 mendia neguan igotzea da». Hori gutxi ez eta beste honako hau gehitu dute: «Zortzimilakoan oxigeno artifiziala erabili gabe, erabateko autonomian eta estilo alpinoan jardungo dugu».

Adierazpenak dira soilik; ausartak ala ez, arduragabeak ala ez... Kontua da Bordesek eta Saurak era horretara aurkeztu dutela egin nahi duten espedizioa. Gogoratu behar dugu K2 mendia (8.611 m) dela neguan igo gabe geratzen den azken zortzimilakoa, eta sari hori lortzen goi mailako talde asko saiatu direla.

Baimenik ez

Argi dagoena da iragarpen hori egin bezain laster, etxetik zein kanpotik “jipoi” asko jaso dituztela. Kritikok egiten dituztenek, zentzugabekeria dela deritzote. Bi protagonistek, aldiz, beste iritzi bat dute: «Urtebete daramagu espedizioa prestatzen. Ahalegin handiak egin behar izan ditugu geure asmoa aurrera ateratzeko. Kide askok lagundu digute, eta sakrifizio pertsonal izugarriak egin ditugu. Nortasun gogorra dugu; horregatik egin dizkiguten kritiken eta jaso ditugun irainen aurrean ezikusiarena egin dugu. Min egin digute, baina aurrera jarraituko dugu».

Dagoeneko, bi protagonistok Pakistanen dira, baina zer egingo ote duten ez dago batere garbi. Momentuz, Chogori mendia eskalatzeko baimena ez dute lortu; soilik 6.500 metrora igotzeko baimena. Trekkingekoa, alegia.

Bi pirineistok onartu dute erakunde ofizialetatik zein mendi federazioetatik ez dutela babesik jaso. Horren aurrean esan duten ez dituztela jarrerok konprenitzen: «FFCAM federazioak, adibidez, baztertu egin gaitu. Jakin badakigu eskarmentu txikia dugula, baina gogoratu behar dugu 1990. urtean Leszek Cichy eta Krzystof Wielicki hasiberriak zirela Himalaian eta Everesteko neguko lehendabiziko igoera sinatu zutela».