11/12/2019

«Hertzainak jaio, jaio ziren, eta oraindik ez dira erabat bukatu»

Josu Zabala eta Gari 1980ko hamarkadan sortutako Hertzainak talde mitikoaren parte izan ziren. Rockaren inguruko estilo desberdinak jorratu zituzten hamabi urtez, agur esatea erabaki zuten arte. Zabalak eta Garik musikalki batzea erabaki dute aurten eta elkarrekin aritu dira berriz.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
1211_kul_hertzainak

Bilboko Kafe Antzokian eman zuten kontzertua diskora ekarri dute Josu Zabalak eta Garik. Durangoko Azokan diskoak saltzen eta sinatzen ari ziren bitartean mintzatu ziren GARA egunkariarekin, eta Hertzainak taldea berriro batuko dela eta zuzenean esango dutela agur aurreratu ziguten. Azokara eraman zuten diskoa Bilboko Kafe Antzokian grabatu zuten zuzenean, eta Zenbat Gara kultur elkarteak publikatu du. Etekinak Bilbon bertan geratuko dira, kulturgintzarako.

Zergatik egin duzue disko hau eta zelan egin duzue kantuen aukeraketa?

Josu Zabala: Egia esan, hau nahiko bat-bateko kontua izan da, ez genuen hasieratik horrela planifikatu, ez Kafe Antzokiko kontzertua ezta disko bat kaleratuko genuenik ere. Kontzertua egitea ere bidean sortu zen, Euskaldunako emanaldiak gainean genituenean. Iruditu zitzaigun ahal zela egin beharko genukeela entsegu orokor bat, publikorekin eta leku egoki eta etxeko batean. Horretarako tokirik aproposena, noski, Bilboko Kafe Antzokia zen. Gertatu zena da sekulako giroa sortu zela kontzertuan. Dena arineketan egin dugu gero, kantuak hautatu eta lantzen hasi ginen, denboraren kontra. Argi genuena zen “564” kantua eta han gertatu zena bereziki gorde nahi genuela oroitzapenetarako.

Kafe Antzokia zer da zuentzat, musikari eta musikazale moduan?

J.Z.: Objetiboki erantzun ezin dudan galdera da. Izan ere, bertako langilea izan naiz sortu zenetik bertatik, eta proiektuko parte izatea egokitu zait. Oso barrutik ukitu nauen istorioa da eta oso harro nago bertan egindako ibilbideaz, garai hartan bezala gaur egun. Musikaren mundua asko aldatu da azken urteotan, baina niretzako jarraitzen du erreferentziazko leku bat izaten Bilbon. Gainera, dagoen aretorik politena ere izango da akaso. Eta, noski, betidanik lotu izan da euskal kulturarekin.

Oso zaila egiten zait gaur egun Bilbo bera imajinatzea Kafe Antzoki barik.

Gari: Ez soilik Bilbo, Euskal Herri mailako erreferentzia da. Horrelakorik ez zegoen eta duela 25 urte sortu zen. Kafe Antzokiaren proiektuari esker nolabaiteko sare berri bat sortu zen. Gehienbat musika eta euskal kultura, gure kultura suspertu eta egonkortzeko. Gaur egun ez da horren erraza mantentzea, baina sekulako erreferentzia da.

Gari, Hertzainak taldeko bi kideok emandako kontzertuok sekulako olatua sortu dute. Zuk zeuk, nola bizi izan duzu oraindik ere agertokietan ari den sortzailea zaren aldetik?

G.: Hertzainak taldearen proiektu txiki hau, nire bidearekin alderatuz, ezberdina da. Baina, beste batzuetan aipatu izan dudan bezala, esango dut hiru kontzertu horietan jaso dugun erantzuna herriak eman digun sari potoloa dela. Ez dut besterik ikusten.

Nirea beste bide bat da, zuzenean jarraitzen dut jotzen Maldanbera taldearekin, eta, Hertzainak-en kontzertuak egin ostean, konturatu naiz euskal kulturatik kanpo dagoen jendea ere hurbiltzen ari zaigula. Eskertzeko modu bat da beraiena. Ez dira soilik Hertzainak-en kontzertuak izan, ondorioak haratago doaz. Jende askorentzat harro egoteko ekintzak izan dira hauek.

Nola aldatu diren gauzak, kamarada! Lehenengo aldiz ikusi zaitut diskoak sinatzen Durangoko Azokan, Josu.

J.Z.: Lotsagarria! [Barre egiten du Zabalak, eta elkarrizketa bitartean sinatzeko diskoak pasatzen dizkio ondotik Garik] Gure garaian beste harrokeria batekin ibiltzen ginen, eta ez ginen horrelako morrontzatara egokitzen. Lagunen artean ateratako kontua da, Kafe Antzokiko lagunekin ez haserretzearren etorri behar izan dut.

Hertzainak jaio eta Hertzainak bukatu?

J.Z.: Hertzainak jaio, jaio ziren, bukatu, oraindik, beharbada, ez dira bukatu. Bukatzear daude.

G.: Ez dago argi, baina bada asmo bat guztiok elkartu eta zerbait prestatzeko guztia ondo amaitzeko. Hemen hasi berri dugun bigarren bizipen bat ixteko.

PROIEKTUA


«Ez dira soilik Hertzainak-en kontzertuak izan, ondorioak haratago doaz. Askorentzat harro egoteko ekintzak izan dira»

KAFE ANTZOKIA


«Musikaren mundua asko aldatu da azken urteotan, baina niretzako jarraitzen du erreferentziazko lekua izaten Bilbon»