Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lurralde-larrialdia

Teilatu gainean… kantatzen? Ez! Laguntza eske, euri-jasa erdian edozein lurraldetako uholdean… klimaren larrialdian. Ura non nahi egunotan, itsasoan ere, eta euskal pentsamendua bera ur-jauzian egunotan, kongresu batean bilduta burua bor-bor. Hain da zaila pentsaera aldatzea, hain da beharrezkoa aldatzea. Atzoko inertziak ez diezagun gerorako bidea markatu!

Tira, klimaren harira! Zein gauza ona den kafea! Ez nago osasunaz, informazio-iturriaz nago. Izan ere, lantzean behin kale artean nagoela taberna batera sartzen naiz, kafearen aitzakian ezohikoa dudan prentsari begirada arina emateko. Hain arina non batzuetan azukrea ez dudan botatzen, denbora batez koilaratxoaz irabiaka ibili arren, antzu. Eta hara non ikusi dudan banku handi baten orri osoko iragarkia, COP25eko babesle ofizial modura! Ama, ama, klima gizajoa! Berdin babesten dute horiek eta enparauek klimaren aldaketa bera zein horri aurre egiteko goi bilera! Izango ote da hori ekonomia zirkularraren benetako esangura? Eta hau kolpea! Orria pasa eta hara beste iragarkia: «kortxo-kentzeko elektrikoa oparian». Tori Teknologia 4.0! Total, tabernatik alde egin nuen kafea barran utzita, eta koilaratxoa zorabioak hartuta.

Klima aldaketa. Amen. Zenbat negazionista hor-hanka! Modan paratu ei da negazionista izatea. Ez bakarrik klimaren larrialdian, lurraldeen larrialdian ere. Horra, kasuko, Legebiltzarreko ditxosozko autogobernu batzorde horrena, erabaki-eskubidean negazionistak! Ezetz eta ezetz, erabakiak eta eskuak bide desberdinetik doazela! Eta gai ez-konbentzionala teknika konbentzionalez nahi dute ustiatu, komenentziazko bandera erabilita. Nire sukaldeko egutegian irakurria: «Mendia ez da oztopoa, harri koskorra bai»; nik mendian daukat pentsamendua, beste batzuek zapatako harri koskorrean. Errealismo desberdinak.