Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Pangpoche I eta II, ezohiko bi bitxi georgiarrentzat

Baqar Gelashvili, Giorgi Tepnadze eta Archil Badriashvilik Manasluren eskualdean dauden bi seimilako horien lehen igoerak egin dituzte. Alpinistok ertz luze, arriskutsu eta teknikoak estilo alpinoan gainditu zituzten. Biei ala biei ED zailtasuna eman diete.

Zaratarik egin gabe, Baqar Gelashvili, Giorgi Tepnadze eta Archil Badriashvilik hedabide espezializatuen lehen orrietara egin dute salto. Hiru georgiar hauek Manasluren ondoan igo gabe zeuden bi seimilako eskalatu dituzte. Pangpoche I (6.540 m) eta Pangpoche II (6.620 m) dira bitxi horiek; hots, alpinista askoren helburu diren bi gailur bikiak. Baina georgiarrok eraman dute saria.

Lehen helburua, Pangpoche II mendiaren hego-mendebaldeko ertza izan zen. 2.600 metroko marra horrentzat hiru egun behar izan zituzten. Pangpoche I mendian, berriz, ipar ertza eskalatu zuten. Nahiz eta pixka bat laburragoa den (2.300 m), lau eguneko lan eskerga behar izan zuten egin. Bi jarduera horiek estilo alpinoan egin zituzten, eta bakoitzari ED zailtasuna eman diote.

Badriashvilik aurreratu du seimilako horiek lehen aldiz 2017. urtean eginiko espedizio batean ikusi zituztela: «Gure lehendabiziko eskarmentua zen Himalaian. Larkya mendiaren gailur nagusiaren (6.425 m) lehen igoera egiteko aukera izan genuen, eta eskalada hartan biki horiek ikusi genituen».

Montzoi osteko denboraldian ekin diote lanari, baina protagonistek beraiek esan dutenez, “beroketa” lanak Nanga Parbaten (8.126 m) egin zituzten: «Giorgik eta biok zortzimilako hori igotzeaz gain, Kinshoffer bidearen ‘Sadpara’ aldaeraren bigarren igoera sinatu genuen. Gogorra izan zen oso, besteak beste, mendian ia bakarrik egon ginelako. Aurreko neguan izandako tragediaren ostean, Nanga Parbatera joan zen lehen espedizioa izan ginen. Pozarren gaude eginiko lanarekin, zati teknikoenak guk geuk ekipatu genituelako. Etxera itzuli eta Kaukason mendi gidari lanetan jardun genuen. Georgiako Mendizale Federazioaren zein hainbat babesleren laguntzarekin Himalaiara itzultzeko aukera izan dugu. Manaslu aldean eginiko aurreko espedizioak asko erakarri gintuen, eta erabaki genuen igo gabe zeuden mendiak esploratu eta eskalada teknikoak egiten saiatuko ginela».

Ia ukitu gabeko eremua zenez, georgiarrek onartu dute informazio urria zutela. Pangpoche I mendiaren inguruan jakin bazekiten 2009. urtean talde japoniar batek saiakera egin zuela. Jakin bazekiten ere, balizko marra erakargarrienak mendebaldeko pareta zein ipar eta mendebaldeko ertzak zirela.

Pangpoche II mendiari buruz, berriz, adierazi dute haientzat misterio bat zela: «Agerikoa zen bide zuzen bakarra hego-mendebaldeko horma eta haren ertza ziren».

Balizko jarduerak erabat zehaztu gabe, hiru georgiarrok joan den irailaren 10ean Nepalera iritsi ziren. Heldu bezain laster, aipatu zieten talde italiar-suitzar batek Pangpoche I mendia igotzeko asmoa zuela.

Alabaina, aurrera egiteko erabakia hartu eta astebeteko hurbilketa bidea egin eta gero, Pangpoche II mendiaren kanpaleku nagusia antolatu zuten. Hain zuzen ere, hego-mendebaldeko ertzaren hasieran; 3.880 metrora.

Estilo alpinoaren aldeko apustua egin zutenez, bizkar-zakuak oinarrizko tresneriarekin bete zituzten. Hiru eguneko eskalada aurreikusi zuten: «Lehendabizikoan ohartu ginen aukeratutako ertzak, oso estua izateaz gain, gure onena eskatuko zuela. Eskalatzen ari ginela tentsioak gora egin zuen, batez ere ikusi genuenean arroka oso trinkoa zela eta babesteko arazoak izango genituela. Hala ere, egun horretan 5.790 metroko kotara heldu eta lehen bibaka prestatu genuen. Horretarako, 1.900 metro 12 orduan eskalatu genituen».

Bigarren eskalada egunean ohartu ziren ertz horretan jarraitzea arriskutsuegia eta zaila izango zela. Hego-mendebaldeko paretan (eskuinaldean) beste irtenbide baten bila jardun zuten, baina eguraldi kaskarrak aukera hori baztertzera behartu zituen. Beraz, ertz horretatik jarraitu zuten.

Hirugarren egunean, bestalde, eguraldiak ez zuen atertzeko asmorik; elurra ari zuen: «Baldintzak ez ziren batere egokiak. Elurrak arrokazko sekzio asko estaltzen zituen, eta aldats pikoei (80°) aurre egin behar izan genien. Geure buruak babestea ezinezkoa zenez, arrisku objektiboak saihesteko erritmoa bizkortu genuen. Hauek gainditu ostean, 55-60 graduko aldapak eskalatu genituen; hori bai, elur sakonean. Tarte hori oso-oso luze eta nekagarria izan zen. Pangpoche II mediaren lehen igoera lortu genuen».

Ordu erdiko atsedena hartu eta gauarekin batera rappelatzen hasi ziren. Azken bibakean igaro zuten gaua. Biharamunean, zerua urdin esnatu zen. Marra agerikoenetik jaisten jarraitu zuten. Georgiarrek esan dute sekzio arriskutsu eta teknikoak deseskalatu behar izan zituztela. Kanpaleku nagusira arratsaldean iritsi ziren.

Pangpoche I

Lehen helburua patrikan zuten, eta bigarrenari ekiteko prest zeuden. Lau egun jarraian elurra egin eta gero, georgiarrok erabaki zuten Pangpoche I mendiaren ipar ertza arrisku gutxien zuen aukera zela.

Bizkar-zakuak berriro antolatu eta beste haran batetik ibilbide luzea egin behar izan zuten oinarrizko kanpalekua (4.300 m) antolatzeko. Euriarengatik zein elurrarengatik lau egun dendetatik atera gabe egon ziren. Zorionez, egoera heze hori amaitu eta irailaren 30ean ertzean sartu ziren: «Bost eguneko aurreikuspena egin genuen. Gauza bat argi zegoen: ertz luze eta estu bat eskalatu behar genuen. Sonam izeneko glaziarraren zati arriskutsuena saihestu eta ipar ertzera eramango gintuen bidexka zuzenena hartu genuen. 5.580 metrora ginela, lehen bibaka prestatzen hasi ginen».

Biharamunean, hirukote horrek ez zuen aukera handirik izan aukeratutako ertzean metro asko egiteko. Elurra eta haizea; horiek izan zituzten “bidelagun”. Soilik 300 metro eskalatu eta bigarren bibaka egin zuten.

Hirugarren eguna urdin baino oso hotz esnatu zen. Egoera hori ikusita, erritmoa bizitu zuten, baina ertza oso estua zen, eta aldats pikoak zituen. Bost orduko eskalada egin eta gero, 6.250 metrora heldu ziren. Bidearen giltza aurrez aurre zuten. Une horretan eguraldia okertu zen, eta apenas zuten ikuspenik. Ertzak oso estua eta arriskutsua izaten jarraitzen zuen. Babesteko lekurik ere ez zegoen. Hori dela eta, ertzaren bi aldeetan eskalatzen jardun zuten; hots, bide egokienean. Hiru orduko jardunaren ondoren, arratsaldeko ordu bietan, georgiarrok bigarren helburua erdietsi zuten.

Ordubetez egon ziren tontorrean, eta zerua garbitu zenean, jaitsierari ekin zioten: «Bibakera gauez iritsi ginen. Leher eginda baina pozarren, lo-zakuetan sartu ginen. Biharamunean, 2.000 metroko jaitsieraren ondoren, kanpaleku nagusian geunden. Bi helburu horien aldeko apustu sendoa egin genuen, eta den-dena ondo atera zen. Bi ertz horietan egin ditugun igoerak oso luzeak izan dira. Arriskutsuak ere bai, eta, jakina, teknikoak. Georgiarron esentziaren zati bat Pangpoche I eta II mendietan utzi dugu».