Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Marinela

Azken hiru urteak Arabiar Emirerri Batuetako kostaldean piezaka desegiten ari zen zamaontzi baten barruan igaro ostean, etxera itzultzeko baimena jaso du indiar itsasgizonak. Zorrak ordaindu ezinik jabeak ontzia eta eskifaia (hiru marinel guztira) abandonatu zituenetik hona igarotako denbora tortura moduan deskribatu ditu albisteko protagonistak. Ontziaren arazo tekniko etengabeez gain, jateko eta edateko gutxi zeukaten eta beldur ziren ez ote ziren hilko kontratatu zituen konpainiak zor zizkien soldatak jaso baino lehen. Tamalez, ohiko bihurtu da itsaso zabalean ontziak eta eskifaiak abandonatzearen jarduera. Nazioarteko Itsas Erakundearen arabera, 2004tik hona bost mila marinelek egoera horretan ikusi dituzte beren buruak.

Marinelak eta bere lankideek ez dute diru guztia jaso, baina, hori bai, Gabonetarako familiarekin elkartzeko aukera izango dutela ziurtatu die haien erreskateaz arduratu den Dubaiko portuak. Ez dakit datu horrek, Gabonak familiarekin igarotzearenak, poztu dituen albisteko protagonista zein beste bi marinelak. Zalantzak ditut ere Dubaiko portu-agintariek Gabonak aipatu dituzten marinelei aberriratze planaren berri ematean. Haietako bat ere ez da kristaua, azken batean. Baina irakurlearentzat datu horrek badu esanahi berezia. Amaiera oneko istorioak entzutea gustatzen zaigu urteko egunik “zoriontsuenak” omen diren hauetan. Gure begi aurrean gertatzen diren kontu itsusi guztietatik oporrak ematen dizkiegu geure buruei. Horretan datza, azken batean, Gabonen magia.