Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Neguaren argia

Gaztaina usainen arteko egunak dira hauek. Olentzero eta enparauen egunak, han-hemen. Zorion agurrak zakuka eman eta jasotzekoak, Gabonetako inertziaren aginduz… nahiz eta batzuei agurra baino egurra eman nahiago, benetan! Berdin da zer, baina Internetetik erosia eta arin batean etxean jasotzekoa izan bedi! Helbidea bera opari-helburu denean… Amazoniako lurzoruak karbonoa xurgatzen saiatu, eta izen antzeko e-konpainia han-hemen, salgaien joan-etorri zoroan, karbonoa erruz eguratsera jaurtitzen, hango basoak jasan dezakeena baino gehiago jaurti ere, etengabe. Neutralitatea 4.0!

Apaingarriz jantzi dituzte herri-hirietako kale nagusiak, eta zuhaitz adar kableatuak argi-iturri bihurtu, hainbat txori elektrokutatu egin omen direla. Tira, biodibertsitatea Amazonian egonda nahikoa! Klima aldaketari aurre egiteko kale-borroka moduko kale-bonbilla. Batzuek buruan duten argitasunaren seinale! Egia esan, ez dakit merezi duen Gabonak pasata kable-bonbillen armiarma-sare zabal hori jaso eta udal gordailura biltzea ala hobe ote den kale nagusian bertan uztea… Gabonak gero eta arinago hasten direnez!

Epaileen epai egunak ere badira egunotakoak, han, hor eta hemen ere, epaiak. Batzuetan usteak uste, eta akusatuak legebiltzarkide. Beste batzuetan, hasieran uste legez, azkenean ere ustel, legez, eta kartzelarako bidean… hori bai, Gabonak etxean! Ama, ama! Hau albisteen mugimendua! Eta laster loteria! Akabo! Nahiago dut batzuen intifada besteen pedrea baino; hori bai, intifada amaitu orduko harriak jaso eta berriro harrobira bilduta! Tira, egutegira! Eskerrak gaur negua heldu zaigula, eta berarekin batera eguna luzatzen hasi ere… kolpea gero ofiziozko politikarako: neguan sartu eta halere argitasun gehiago izan! Ez dute ulertuko euren argia zuhaitz adarretik hartzen duten horiek…