Baserriko negua
Aitona Migelek ez zuen maite baserriko bere bilobek txapela jantz genezan. Ez gintuen buru gaineko bonetarekin ikusi nahi, ez San Tomas egunean, ez eta Eguberri bezperan etxez etxe kantari ibiltzeko ere.
Txapela, blusa beltza, eta oinetan abarkak ematea «baserritarrez janztea» zela erraten zuten gure lagunek, kalekoak denak; orobat konplexua zena laburbildu, eta sinesgarri zen janzkerak egiten zuela bat baserritar. Baina aitonak bazekien txapela ileak ez zikintzeko zela, hiru hankako aulkitxo gainean jesarri, zinkezko baldera esnea bideratuta behiak jezten aritzeko. Aberearen sabelaren kontra ematen baitzuen burua errapetik esnea ateratzen zion denboran. Lanerako tresna bat zen beraz, ez soilik apaingarri bat, nahiz eta aitonak, elizara edo merkatura joateko, dotore janzterakoan ere erabiltzen zuen beti.
Pozgarri egin zait San Tomas egunaren karietara Garbiñe Larrea entzutea irratian, bera ere baserriko alaba, Azkonobietakoa, gure familiaren lagunak agidanean, sendabelarrekin eta zenbait kontu tradizionalekin lan eskerga egiten duena. Gure kulturaren zati baitira ohitura zaharrak, baina harrigarri da nola antzaldatzen ditugun edo noraino ezezagun zaizkigun. Neguko solstizioa, San Tomas, baserritarrentzat ez baitzen egun bezain egun pozgarri, ez zen txistorra jan eta sagardo pixka bat edateko aitzakia, baizik errenta pagatzeko eguna, goibel eta tristea urtea lanean pasatzen zuten baserritarrentzat, eta urte berriko ur berria edateak sendatzen zien zauria askori, zetorrena aitzinekoa baino hobea izateko esperantzak. Tira, hau dena oroituta, txapela buru gainean emanen dut Olentzerori kantatzeko halere.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
