Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Gipuzkoako ikasleek eskaladaren aldeko apustu sendoa egin dute

Hilak 15ean, Donostiako Pio Baroja rokodromoan, 5 eta 16 urte bitarteko 111 ikaslek egin zuten bat Gipuzkoako Mendizale Federazioak bultzatutako IV. Eskolarteko Eskalada Topaketarekin.

Jakin badakigu, haur eta nerabeen artean eskalada ez dela inolaz ere gehien praktikatzen den kirola. Guztiok ezagutzen ditugun kirolak dira ikasleen artean ere ia erabateko nagusitasuna lortzen dutenak. Baina noizean behin kirol minotaritarioek txikitasunetik atera eta oasi bat aurkitzen dute.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak, bederen, bide horri eusteko ekimenak antolatzen ditu. Azkena, Eskolarteko Topaketa. Hain zuzen ere, iragan abenduaren 15ean egin zen Donostiako Pio Baroja rokodromoan ekimen horren laugarren ekitaldia. Aurrekoek bezala, arrakasta izan zuen: 5 eta 16 urte bitarteko 111 ikaslek bat egin zuten Mendizale Federazioaren hitzorduarekin.

Topaketa, berez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikasturte guztietan babesten duen Eskolarteko Kirol Kanpainan kokatzen da, eta Mendizale Federazioari dagokio koordinazio lana bideratzea. Bada, parte hartu zuten 111 lagunek aukera izan zuten lau orduz eskalada modalitate ezberdinak probatzeko. Eta lan horretan, bideak eta blokeak ekipatzen, Fortuna Kirol Elkarteko eskalatzaile talde batek jardun zuen.

Jarraitzeko asmoa

Lehenik eta behin, zirkuitu itxi bat prestatu zuten. Helburua eskaladaren modalitate guztiak probatzea zen, eta, antolatzaileek nabarmendu bezala, hitzorduak ez zuen izaera lehiakorra izan. Zirkuitu horretan, beraz, denetarik egon zen. Abiadura eskaladarekin hasi ziren: bi bide. Beste bi zailtasuneko modalitatean jarduteko. Eta hamabost bloke ere izan zituzten indarrak neurtzeko.

Parte hartzaile asko batu zirenez, antolatzaileek ondo kudeatu behar izan zituzten sortzen ziren ilarak. Horretarako, sokarekin eskalatzeko bideek haur kopuru zehatz bat izan zuten. Eta, beraz, itxaroten zuten bitartean boulder egiten aritu ziren. Bestalde, 111 ikasleek fitxa bana zuten eskuratzen zuten lorpen bakoitza apunta zezaten, blokeak zein bideak. Aurreratu dugun bezala, hori bai, lehia baztertuta zegoenez, ez zen sailkapenik izan.

Lau orduz eskalada festa bihurtu zen. Hala baieztatu dute antolatzaileek: «Helburua eskalada ezagutu eta ondo pasatzea zen. Eta, beste behin, asmo hori biribiltzea lortu genuen. Ikasleek gozatu egin zuten, baita gurasoek ere. Giro aparta egon zen. Ekimen honekin aurrera jarraitzeko asmoa dugu; merezi du-eta».

Ikasle bakoitzak kamiseta eta diploma bana jaso zituen.