Lore AGIRREZABAL
ILUSTRAZIOA ETA POESIA

Jostailu bat: poesia

Lehen orritik azkeneraino, eta, liburua itxi eta egunaren amaieraraino, irribarrea eta jolaserako grina marraztu dizkidate Iñigo Astizek eta Maite Mutuberriak, argitaratu berri duten “Joemak eta polasak” poema liburuarekin. Eta ohartu naiz zein ezkutuan dugun (helduok) jolasguraren botoia; egunerokotasunaren zurrunbiloan hor nonbait galduta.

Nago, iparra bera ere galduta ote gabiltzan, hainbeste jostailu oparitzen diren sasoi honetan, iragarkiek, katalogoek eta dendetako erakusleihoek olgetarako beste modu batzuk saltzen baitizkigute. Inoiz eskaini al dizute libururik mahai-jolas edo bestelako jostailuekin batera?

Bada, liburu honek ozen baino ozenago oihukatzen du literatura jolas egiteko dela, jolasa ere badela literatura. Eta hain da librea, azalean ez baitu zehazten zenbat lagunek joka dezaketen; izan daiteke bakarka aritzeko, binaka edota auditorium oso batekin. Ez du aipatzen adin konturik ere, jaiotzen garenetik hil arterainoko premia baita gizakiontzat jostatzea.

Formatu txikikoa (folio erdia) da liburua, modu horretan ia karta-jolas bat balitz bezala eraman daiteke noranahi eta orriak atzera eta aurrera pasatuz esku artean erabiltzeko oso aproposa da. Ez naiz kontatzen hasi, baina guztira 72 orrialde dituela dio Elkar argitaletxearen webguneko erreferentziak. Izan ere, liburuan ez dugu horien erreferentziarik aurkituko. Baina badu aurkibidea. Ez, ez, ez, barkatu, hori ere ez dute serio hartu egileek; aurkibidean hitz bakoitzari dagokion orrira joan eta ez dugu izen bereko olerkirik aurkituko, baina sorpresa polita topatuko dugu aurkibidearen amaieraraino iritsiz gero.

Umore handiz egindako lana da. Zenbaitetan, “Kontrako norabidean” poeman esaterako, harriduratik barrera eramango gaituzte. Jolasa ere aurkituko dugu poemaren batean “Kamuflatua”. Beste batzuen amaiera mortalek, berriz, K.O utziko gaituzte, umore beltzetik ere bai baitu liburu honek (“Dortoka”, “Bidaia”…). Segituan ohartuko gara bihurri samarra dela, ez duela noble-noblea eta on-ona izateko batere asmorik; “Zapping” poemak berak hala adierazten digu eta “Gauza serioak” izenekoa hori berrestera dator ondoren. Baina guztia ez da libertimendu hutsa, irudi ederrentzako lekua ere badu, “Arrantza” da horren adibide: «Lo arrantzalea barkuan. Zeruaren isla lakuan. Hodeiak koxkaka amuan».

Esan daiteke, hitzen bidez irudiak sortzen dituela Iñigo Astizek, eta irudien bidez hitzak Maite Mutuberriak, bere ilustrazioak ere poemak eta jolasak baitira. Marrazki txiki bana du poema bakoitzak, baina tarteka hitzik gabeko irudi ederrez betetzen ditu orrialde osoak. Mutuberriaren urmargoek akuarelek berezko duten arintasuna eta soltura dute; Astizen hitzek duten freskotasun bera iradokitzen dute. Aurreko edo ondorengo olerkiarekin lotura izan dezakete, edo, poema dira bere horretan. Bada bat niri izugarri gustatu zaidana idazlearen eta ilustratzailearen arteko elkarlanaren eta jolasaren metafora iruditu zaidalako: “Orbelagatik balitz” eta “Behia” poemen artean aurkitu dut, olerki batetik besterako metamorfosia iradokitzen duela iruditu zait. Zoragarria da ilustrazioa, baina are ederragoa horrekin bi sortzaileek kontatzen dutena.

Poesiarekin jolas egiteko eta jolasaren bidez poesiara gerturatzeko, bertan murgiltzeko eta ondo bustitzeko aukera paregabea eskaintzen du liburu honek. Poesia gustatzen ez zaiela dioten horiek ere oharkabean harrapatuko ditu, “Kontuz, margotu berria” olerkiak dioen moduan: «Lerro hau irakurri baduzu, seinale ez zarela ohartu zu. Sentitzen ditugu eragozpenak. Poema dago margotu berria eta poesiaz zikindu dizu begia».