Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Tsunamia, larrukararen abisua

Ez dakit zelakoa izango zen bestelako mundua, kosta egiten zait imajinatzea, baina seguruenik ez ziren Gabonak izango. Borboiak ere ez. Pikutara batak eta besteak, eta eroan ditzatela eurekin jaiotzak eta koroak! Barkatu diezadatela atrebentzia piku jatorrek! Horren bitartean, Gabonak baliatzen ditut lasai jesarri eta gorputza makurtuta behatzen artekoak garbitzeko, hortik erauzia ondoko konpost-kutxara bilduta.

Tira, harira! Horretan nengoela pasatu zait burutik beheko Estatuko errege-etxeko haren diskurtsoa, egunotan bota ohi duen zer hori, zaharra betikotua, bat eta bakarra demontrekoa. Bai zera! Garai batean atomoa zatiezina zela uste, eta gerora handi geratu, den-dena subatomikoa baita! Eta hauxe kolperik ederrena, zati guztiek oso diraute! Monarka halakoa, jakingo balu bere erreinuko zezen-larruan atomo asko direla, larrutuak izateko tenorean … eta Batua ei den Erresuma bera ere zatitzeko bidean dela … laster batean gaur eguneko mapa politikoak antigoaleko saltzaileen apeta baino ez direla izango … edozein herritako ferian …

Bada bai, mezularia eta mezua hor izanda zentzuzkoa, eta neurrikoa, da naturaren erantzuna. Tsunamiak, kasurako. Eta hauxe ere kolpea! Tsunamia ez da aurretik izandako lurrikararen ondorio, baizik eta laster etortzekoa den larrukararen abisua. Zaila da hau ulertzen tekno-politikatik, teknologiak ez baitaki galderak egiten. Jainkoak berak baleki!

Total, It´s pain! Hor ari dira, inbestidura noiz itxi, gobernu-aldia irekitzeko. Baina horretarako espetxeko hainbat ziega ireki behar, eta justizia-bide batzuk itxi. Itxi-ireki, sozio-politikaren erronka.

Bitartean han behean larru-larrialdi gainean dira, larrukara erdian, eta periferiak tarratadari begira, keinuka, zoriontsu izateko… helburua zati guztiak oso bizitzea baita… edozein mundutako Herrietan!