48 urterekin, Toni Lamprechtek oso sasoiko jarraitzen du
Oso kuttuna duen Kochel izeneko eremuan, eskalatzaile alemanak «Real Absurdistan» blokearentzat 8c zailtasuna proposatu du. 17 mugimenduak lotzeko, Lamprechtek 70 egun behar izan ditu.
Toni Lamprecht gustura dabil oso kuttuna duen Kochel alderdian blokeak asmatzen eta haien korapiloak askatzen. Eskalatzaile alemanak 48 urte ditu, baina argi uzten ari da sasoiko jarraitzen duela. Hilaren lehen egunetan, adibidez, gai izan zen “Real Absurdistan” izeneko blokearen lehena egiteko. Eta harentzat 8c mailako proposamena egin du.
Alabaina, muturreko bloke bat asmatu eta korapilo guztiak askatu baditu ere, badirudi “Real Absurdistan” xede askoz ere gogorrago baten adar bat besterik ez dela: «Onartu behar dut bi urte daramadala muturreko proiektu baten atzetik. ‘Stoamatz’ du izena, eta ‘Real Absurdistan’ sabaiaren puntu baxuenetik hasten da».
Bai, irudian ikusten den bezala, eskalatzaile alemanak egin duen blokeak sabai luze bat zeharkatzen du. Denera, 17 mugimendu ditu. Guztiek ala guztiek asko eskatzen dute. Eta Lamprechtek onartu duenez, gorputzaren tentsioa erabatekoa da. Horrez gain, “Real Absurdistan”-ek koordinazio ona eskatzen du.
Gogorragoa
Lerrootako protagonistak adierazi du Kochelen dagoen sabai horrekin erabat harrapatuta dagoela: «Denbora eta egun asko han igarotzen dut. Joan den udaberrian, adibidez, ‘Mother´s day roof’ blokea egin nuen. Sabai horretan dudan helburuaren aldaera motzena da, eta uste dut 8b+ dela».
Hori egin eta gero, nolabait esatearren, atsedena hartu zuen. Gustura geratu zen eginiko lanarekin, baina Lamprechtek beste urrats bat egin nahi izan zuen: «Bloke horren sarrera baxuenari ekin nion. Hiru mugimendu gehiago dira, oso gogorrak, eta gorputzaren posizioa bi aldiz aldatu behar duzu».
“Real Absurdistan”-entzat gogor entrenatu zuen. Eskalatzaile honek dio baldintza egokienak udazkenean iritsi zirela: «Azken bi hilabeteotan benetako ekinaldiak egin ditut. Udan ere probatu nuen, baina bero egiten zuen. Azkenean, 17 mugimedu horiek lotzeko 70 egun behar izan ditut».
“Real Absurdistan” patrikara eraman ostean, badirudi oraindik ez dela ase geratu. «Iruditu zitzaidan ‘Stoamatz’ izeneko proiektuaren amaiera izango zela. Baina ez dakit. Oraindik beste mugimendu batzuk gehitu ditzaket. Badago oso estresantea den aldaera bat. Mugimendu bereziak ditu, ia denak kamutsak diren heldulekuetan egiten dira. 20 metro luze den sabai hori egitea posible da», azaldu du.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
