30/12/2019

Laukote errusiar batek Kyajo Rin «dragoiaren» arrastoa utzi du

Ivan Osipov, Vitaly Shipilov, Dmitry Rybalchenko eta Andrey Vasilievek seimilakoaren mendebaldeko aurpegiaren lehen igoeraegin dute. Denera, hormatzarrean aurkitutako zailtasun gogorrak gainditu ahal izateko zortzi egun behar izan zituzten.

Andoni ARABAOLAZA
1230_men_aperturabikoitza1

Ivan Osipov, Vitaly Shipilov, Dmitry Rybalchenko eta Andrey Vasilieven ibilbide alpinistikoa ondo bideratuta egon da. 27 eta 40 urte bitarteko laukote errusiarrak jakin izan du –batzuetan bakoitzak bere aldetik eta bestetan elkarrekin– funtsezko urratsak egiten. Bata bestearen atzetik, anomaliarik gabe, lasai eta ondo kudeatuta. Hitz gutxitan esanda, hori izan da errusiarren “bidaia” alpinistikoa.

Etxeko mendietan zaildu ondoren, jauzi kualitatibo bat eman nahi izan dute. Lehen aldiz Nepal bisitatu dute. Eta lehen agerraldi horretan, oso eraginkorrak izateaz gain, izaera handiko jarduera alpinistikoa egin dute. Khumbu eskualdean dagoen Kyajo Ri mendiaren (6.186 m) mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu dute.

Ez da mendi oso garaia, baina igo gabe zegoen horma horrek lehen lerroko hainbat alpinista erakarri ditu. Bisitak ere izan dituzte, baina, errusiarrak ez bezala, etxera esku hutsik itzuli dira.

Murru gogorra alde guztietatik begiratuta. Sekzio bertikalak, artesi itxiak, eroria zuten tarte batzuk, elur pixka batekin estalita zeuden plakak... Hori izan da mendebaldeko aurpegiak erakutsi dien gidoia. Eta korapilo guztiak askatu ahal izateko, mistoan, dry-toolingean, eskalada artifizialean... oinarritu behar izan dira. Bidearen giltza 5.800 eta 6.000 metroen artean kokatuta zegoen. Bai, zailtasun teknikoak pazientzia handiz gainditu behar izan dituzte; izan ere, paretan zortzi egun egin zituzten.

“Dragoiaren” bidea izan omen da, hala diote protagonistek: «Dragoiaren urratsak jarraitu genituen. Erliebeari egokituz, zimeldu egin zen. Batzuetan eroso zegoen; beste batzuetan, aldiz, bizkarra ematen zigun. Herensugea zaharra eta jakintsua da, eta, beraz, gure mugimenduen hariak haren bidera eraman gintuen».

Onartu dute gogo ikaragarria zutela Nepalgo mendi bat ezagutzeko. Lehen bisita zenez, ez zuten garbi nora joan. Baina Yuri Koshelenkok Kyajo Ri mendia aholkatu zien: «Garaieran egin dugun ageriko urratsa izan da. Nola aukeratu xede bat eremu hori ezagutzen ez denean? Horixe zen gure buruan zegoen galdera nagusia. Zerrenda luzea genuen, baina arazorik gabe bata eta bestea ezabatu genituen. Mahai gainean bi geratzen ziren: Cholatse eta Kyajo Ri. Yurik esan zigun azken horren mendebaldeko aurpegia igo gabe zegoela. Dirua lortzea falta zitzaigun, eta espedizioa hasi baino pare bat aste lehenago babesle gutxi batzuk hurbildu ziren».

Eskalatu nahi zuten hormari buruz, errusiarrok argitu dute “bizirik” zegoela. Ezuste handia hartu zuten murruaren egoera ikusi zutenean. Baldintza kaskarrak ziren, egunero euria eta elurra egin baitzien. Baina “kolpe” handiena mendebaldeko murru horretan izandako luizien arrastoak ikusterakoan hartu zuten. Horietako batzuk erraldoiak: 150 metrokoak.

Hein handi batean luizi horiek harresi horretan aukeratu behar zuten bidea baldintzatu zuten. Hormak berak agindu zuen: «Uste dugu marra agerikoena aukeratu genuela. Horrek ez du esan nahi erraza zenik. Nahasia zein zaila da, eta, gainera, 6.000 metrora heltzeko azken sekzioan granito trinkoari egin behar izan genion aurre. Horrek guztiak lan eskerga eskatu zigun. Murrua gainditu eta tontorra zapaltzeko, 6-8 egun aurreikusi genituen. Zuzen ibili ginen, zortzigarren eskalada egunean geure helburua lortu genuelako. Jarduera hau uste baino zailagoa iruditu zaigu. Ez genuen eskalada samur bat egin nahi, baina onartzen dugu sufritu dugula. Batez ere, elur pixka batekin estalita zeuden plaketan».

Artifizial gogorra

Zailtasun tekniko gogorrak eskalatzeaz gain, talde horrek aurreratu du jarduera osoak konpromiso handia eskatu ziela. Tresneriari dagokionez, oso arin joan ziren, eta horrek zein baldintza kaskarrek erritmo motela eramatera behartu zituzten: «Une jakin batzuetan geure buruak babesteko komeriak izan genituen. Bilerak antolatzeko eragozpenak nonahi agertzen ziren. Bizkar-zakuak pisurik gabe eramatea adostu genuen, eta horrek, jakina, mugak jarri zituen».

Taktikoki egin zuten lana biribila izan zen, eta aurrera eraman zuten estiloaren inguruan ez dute zalantzarik egokiena izan zela: «Talde ona osatzen dugu. Batzuek esango dute oraindik eskarmentua falta zaigula. Baina Nepalera joan aurretik maila handiko eskaladak egin ditugu. Kyajo Ri mendian egin dugun jarduera Errusiako Urrezko Piolet sarietan izendatuta egon da. Horrek erakusten du egin dugun lana ez dela txantxetakoa izan. Gure ibilbidean beste urrats bat izan da, eta asko motibatzen gaitu. Guk lauko taldea osatu dugu. Badakigu horrek azkar joatea galarazten duela. Baina guk horrelako erabakiak hartzen ditugu. Argi eta garbi dago, halaber, sekzio zail batzuk eskalada artifizialean igo ditugula. Estilo horretan erritmoa mantsotzen da. Gure kasuan, ziklo bat bete dugu. Eta beste batzuk iritsiko dira. Oraindik mendi eta erronka asko ditugu aurrean. Eta xede bakoitzean galdera bakoitzari erantzungo diogu. Garrantzitsuena erronka da. Gure herrialdeko alpinismoa nazioartean dauden joeretara hurbildu da. Gertatzen dena da bakoitzak igoera bakoitzari enfasi ezberdina ematen diola. Igoera onena zein den esatea zaila da. Oraindik ez dira igoera perfektuak iritsi. Sobietar alpinismo eskolaren lorpenetan inspiratzen gara».

Hausnarketa luze hori egin eta gero, alpinista errusiarrok onartu dute Kyajo Ri mendiaren mendebaldeko aurpegian eginiko lanean “plazer” txiki batzuk ere izan zituztela: «Arestian aipatu dudan bezala, plaketan elur geruza mehea aurkitu genuen. 5-10 zentimetro baino ez, baina buruhauste ederrak sortu zizkigun. Gezurra badirudi ere, elur geruza fin horrek gizabanako baten pisua onartzen zuen. Eskalada artifizialean eginiko maniobra horiek denbora asko eskatzen ziguten. Horrek eta geure buruak babesteko leku egokiak aurkitzeak. Murru gogor horretan igo dugun bideari ez diogu zailtasun orokorrik eman. Aurreratu dezakegu A3 eskalatu dugula. Artifiziala zaila, batez ere kontuan hartzen badugu arroka elurrarekin estalita zegoela. Hori guztia mistoarekin eta dry-arekin nahastu genuen».

Zortzi egunez igo gabe zegoen seimilakoaren mendebaldeko aurpegian egon ondoren, tontorra egin eta bide normaletik jaitsi ziren: «Zoragarria izan zen jaitsiera. Ez da zaila, eta oso ekipatuta dago. Kanpaleku nagusira arazorik gabe heldu ginen. Baina presa handia genuen. Eta Lukalara iristeko esprint moduko bat egin genuen. Moskura eraman behar gintuen hegazkina biharamunean Katmandutik irten zen. Zortzi eguneko eskaladaren ondoren esprint batean bukatu genuen geure espedizioa!».

Kyajo Ri mendiaren mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera egiteaz gain, errusiarrok seimilakoaren seigarren bidea zabaldu dute: «Murruari begiratzen badiogu, badirudi handik igarotzea ezinezkoa dela. Guk, bederen, zirrikitua aurkitu genion. Lehenak izan gara».

ZAILA


Alpinista errusiarrok diote zortzi eguneko eskalada zaila izan zela. Bidearen giltza, berriz, 5.800 eta 6.000 metroen artean kokatu zen.

ESTILOA


Protagonistok onartu dute sekzio zail batzuetan artifizialean igo zutela. Gehienez, A3 gainditu zuten. Bidearen inguruan ez dute zailtasun orokorra eman.

LEHENAK


Ivan Osipov, Vitaly Shipilov, Dmitry Rybalchenko eta Andrey Vasilievek Kyajo Ri mendiaren (6.186 m) mendebaldeko aurpegia lehen aldiz igo dute.