Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ez dagoena, egoteko bidean

Aldatua dut sukaldeko egutegia; urte berria hilabete zaharretan. Eta leku bereko hozkailua betiko itxura hartzen hasi da, azken egunotan gainezka egon ondoren. Eta dagoen dena oso dago, ez zati! Hori bai, urtearen lehenengo egunean iazko ogiaz lagundu genuen platerekoa. Zaharra berri halakoa! Total, urte-trantsizio honetan ohikoa izan da iraganera joandako urtean han-hemen gertatuko kontuez prentsak bilduma eskaintzea, egutegiarekin batera. Baina, egiari zor, nire buruan gordeta nituen hainbat mugarri ez ditut bildumotan jasoak ikusi. Hortaz, bilduma egin dut niretzat, propio.

Herrialde baltikoetako batean, itsasargi bat barnealdera mugitu behar izan dute, erraien bidez, olatuen higadura lanak itsaslabarra gero eta atzerantzago bultzatuta. Latitude bereko herrialde batean hiltzat eman dute glaziar bat, izotza ur, eskela eta guzti. Planeta bereko beste mundu batean, bero berak sutan jarri ditu baso lehorrak, koalak lau teilatu gainean utziz. Handik gertu, mendi tontor batera igotzea debekatu dute, legez, bertoko aborigenek aspaldidanik eskatu legez, errespetuz. Eta ibai bati izaera juridikoa aitortu diote...

Agur! Joan da urte zaharra eta berria etorri, guztiz zaharra eta guztiz berria dena existitzen ez bada ere. Eta dena gau bakarrean gertatu. Joana da San Silvestre, korrika batean joan ere, beste santu guztiak hemen utzita … Baina tira, dagoena dago eta ez dagoena balego. Bi modutan uler daiteke esaera zaharra: pragmatismo mugatzailean, bitartekari modura geratuta, «bitartean bitartekoa» kudeatzen, edo pragmatismo eraldatzailean, baldintza benetan berriak sortzen, ez dagoena egoteko, eta dagoenaren parte bat ez dadin egon.

Bertatik bertarako apustua, globalean pentsatu eta lokalean eragin, nor bere herrian burujabetzak eskaintzen duen eskuzabalean. Etorkizuna une oro hasten ari delako...