Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Goiko ganbara nahiago!

Kolpea gero! Lehengoan etxean, iluntzean, mahaia afaltzeko atontzen nengoela, belarriak telebista-pantaila aldera tente eta begiak noizbehinka hari zuzen begira jarrita, derrepentean hara non ikusten dudan kuadrilla antzeko jende multzoa, plaza moduko baten erdian, arropa airera botatzen, pozarren ozta, oihuka antzera… eta nik une horretan, hunkituta edo, iragana gogora, mahai-zapiak hartu, korapilatu, gorantz bota eta ni ere kantari… In nomine Patri et Filii, gora jauntzi ta duzu erori… Yup! la-la!…

Baina belarri tentetuei kasu egin eta hara demontre! Ertzaintzaren azkeneko promozioa zen, Arkauteko plazan diploma jaso berria alaian ospatzen, txapelak gorantz… Ni ere lerdo halakoa! Zapiak lurretik jaso, bat egongelako lanparatik ere, eta neurean segitu nuen ogi-muturrari amorruzko hozkada emanda… hori bai, pantailari zeharretik egindako azken begiradan txori bat ikusi nuen, txapela mokoan, Arkaute gainean noraezean… harik eta txapel gorria askatu zuen arte…

Total, afaltzen jesarri eta pantaila begi-bistan. Hara! Haxe buila, astrapala, birao sorta, purrustadak… baina zer da hau pentsatu nuen, angula bati hezurra kentzearekin batera. Hemizikloa? Hemizirkoa izango! pentsatu nuen. Handik segundo batzuetara jakin nuen eztabaida politikoa zela, debatea aspaldian utzita… beheko Estatuko behe-ganberan. Eta hango eskuineko hegala irristan, Esa urtegikoa bezala. Kolpea gero! egonkortasun handiagoa dugu geure etxeko goiko ganbaran hango ganbera bietan baino. Seguru baietz!

Eta “Eguraldia”-ren aurrean entzun nuen azkena, EAJTEL-ek barne-prozesua garatuko bide du aurten karguak, eta nonbait estrategia ere, berritzeko. Harrapa ezan/k! Iran/k? Beldur naiz ni, aitor dut, progresismo berrituaren izenean zenbat presidenteorde ez ote dituzten izendatuko zuzendaritza-batzorde berrian. Ama, ama!