GARA
BILBO

Lanaldeneko langile batek izandako sexu erasoa salatu du LABek Azkuna Zentroan

LABek mobilizazioa egin zuen atzo Azkuna Zentroan, Lanaldeneko langile batek bertan jasandako sexu erasoa salatzeko. Azkuna Zentroari eta enpresari erantzukizunak har ditzatela, jazotakoaren larritasuna onar dezatela eta berehalako neurriak har ditzatela eskatu zien.

Abuztuaren 15ean, Lanalden enpresako langile batek sexu erasoa jasan zuen Bilboko Azkuna Zentroko bere lanpostuan. Erasoa eraikineko teilatuan gertatu zen, LABek jakinarazi zuenez.

Sindikatuak azaldu zuenez, erakusketa batera bidali zuten langilea, nahiz eta bere lanpostuan zeregin horretarako kontratatuta ez egon, eta bakarrik zegoela aprobetxatuz gizon bat oldartu zitzaion eta eraso egin zion. Emakumeak salaketa jarri zuen, baina LABek adierazi zuenez, hurrengo egunean langilea, «berriro baldintza berberetan, lanpostu berberera bidali zuten, inolako segurtasun neurririk hartu gabe, enpresa gisa zegokien erantzukizuna ukatuz, emakume horren ondorio psikologikoak eta segurtasun neurriak kontuan izan gabe».

Jazotakoa ikusita, LABeko hainbat kidek mobilizazioa egin zuten atzo Azkuna Zentroan, eta salatu zuten bertako arduradunek ez zutela langileari gertatutakoaren berri eman, eta, beraz, azarora arte Lanaldeneko enpresa-batzordeak ez zuela lankideetako batek jasan zuen erasoaren berri izan. Modu horretan, batzordeari informazioa jasotzeko eta sindikatu-eginkizunak betetzeko eskubidea ukatu zizkioten, eta, horren ondorioz, abuztuan erasoa gertatu zenetik batzordeak gertatutakoaren berri izan eta neurriak hartzeko eskatu arte lanpostu horretan zeuden langileak baldintza berberetan mantentzen jarraitu dute, inolako babesik gabe.

«Azkuna Zentroari eta Lanalden enpresari erantzukizunak har ditzatela eskatzen diegu, gertatutakoaren larritasuna onar dezatela eta berehalako neurriak har ditzatela, langile horiek duten babesgabetasunaren aurrean», adierazi zuten LABeko ordezkariek.

Jakinarazpenik ez

Ildo berean, salatu zuten Azkuna Zentroan sexu eraso bat gertatu den arren, zentroak «ez diela langileei jakinarazpenik ematen sexu jazarpenen edo sexu arrazoiengatiko jazarpenen aurkako protokoloari buruz».

«Ez da emakume batek bere lanpostuan sexu eraso bat jasan duen lehen aldia, baina gaur egun oraindik ez dugu beharrezko mekanismorik indarkeria matxista den gaitz horrek lan-munduan lekurik izan ez dezan», gaitzetsi zuten. Lantokiak «indarkeria matxistarik eta diskriminaziorik gabeko gune bihur daitezen langileen parte sozialarekin adostutako jarduera-protokoloak egiteko» exijitu zuten, eta borroka horretan jarraituko dutela iragarri zuten.