Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kausak hesitu behar!

Oraindik ezin kendurik nabil danbor-hotsen danbada, nire barne-belarrietan burrunbatzen segitzen duela … pun, pun eta pun ... txapela altxatu arte burrunbatu ere … eta ezkoa isurian.

Egia esan behar badut lau teilatu gainean dut nahiago! Ene, ene! Tira, asteko bestelako kontuen harira! Pun, pun eta pun … kawen! Australiakoa ere ikasgai ederra, gerora begira han-hemen klimak lurrera ekarri ditzakeen muturreko egoeren katalogo gaurkotua. Ikasgaia hor, ikasleak behar! Koalez aparte, jakina!

Botikan bezala urruneko eta hurbileko australietan ere denetarikoa. Baso-suteak, haizeteak, uholdeak, hautsaldiak, txingorraldiak, olatu-kolpeak, gainezkatzeak, lur-jausiak … aukeran, gero eta kaltegarriago. «Gloria» in excelsis Deo! Teilatu gainean, laguntza eske. Baina lasai, kasualitatea izan daiteke hori guztia, natura holaxe baita, naturala, batzuetan ezustekoa! Izan ere, kasualitatea esaten dugu gertatzen denaren kausa ezagutzen ez dugunean, edo, are txarrago, kausa ezagutzeari muzin egiten diogunean. Pun, pun eta pun … 4.0 teknologiari dagokio, ez jakintzari!

«et in Terra pax hominibus bonae voluntatis», hori don/k eta! Iran/k! Borondate oneko hominibus horien bakea lurrean, edo! Bai zera! Egunotan, urtero ohi legez, Suitzako Davos eski-gunera bildu diren hominibus horien bakeak hauspotzen du handik urruneko klimaren sugarra. Elur-jausia gainera etorriko balitzaie sikiera! Hoztu egingo litzateke behintzat klima! Hortaz, benetako larrialdia ez dago zeruan, lurrean baino! Amen!

Eta hau gutxi izan ez eta gainera koronabirusa zabaltzen. Ez nau harritzen, mundu batzuetan monarkiek dirauten bitartean planeta osoa dago koronazer horren arriskupean. Hesitu behar dena ondorioa baino gehiago kausa da, monarkiak hesituta, klima bera ere naturalagoa izango zen, ezustekoak ematen segitu arren, naturaz!