Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Mapa biziak behar!

Esan eta egin, di-da! Akaso ez zaizu inoiz gertatu gauza bat egitea pentsatu eta egunak joan egunak etorri ez duzula inoiz aurkitzen hori egiteko beta? Bada, niri ia egunero gertatu. Baina aste honetako egun batean etxera buelta eta «nahikoa da!» esan eta egin, hasi eta buka! Bai, etxeko liburu apalategiak atondu egin ditut, di-da! Brexita hartu dut aitzakia. Hortaz, aspalditik apalategi batean ahaztuta neukan Europar Batasunaren mapa politiko marguldua hartu eta tarrat eginda birziklatze bidean jarri nuen, bera astintzean askatu ziren sitsak konposteko kutxara botatzeaz batera. Hor konpost!

Izan ere, estatuen mapa horrek inoiz ez du gerorik izan, baina gaur oraina ere ez dauka! Hortaz, xelebrea sikiera Europako Parlamentuan izandako azken bilkura, Britainia Handiko diputatuentzat benetan azkena izan dena. Besotik elkarri helduta, aulkirik aulki, ezker-eskuin mugituz, emoziozko malkoak agerian kantari… «lau teilatu gainean…». A! Ez! Barkatu! Hau burua nirea!… “Auld Lang Syne” izeneko agur kanta izan zen! Eta ni pantaila aurrean entzule, hunkiturik… gazte garaiko parrokia taldearen asteburuko ateraldiak gogoan, baserri inguruko erreka ondoan suaren inguruan gauez bildu eta kanta hura gaztelania garbian kantatzen genuenekoa… Bai, sua bota dut faltan Parlamentuko agur-aldian, eta bazuten han zer erre!

Tira, mapen harira! Kolpea gero Ingalaterrako diputatuek eskozieraz kantatzen esatea agur. Are kolpeago, lehenago edo beranduago eskoziarrak Batasunera bueltatzea! Total, zertarako behar nuen nik mapa politiko zaharkitu hori? Euskaldunok ere ez gara! Baina ez da bota dudan bakarra, Eusko Jaurlaritzaren Big Data liburu bat ere bota dut, berria izan arren. Ez badira gauza greba orokorreko datu sinpleak behar bezala jasotzeko, zer espero daiteke datu multzo konplexuak direnean? 4.0? bai zera, 0.4!