GARA
NBA

Lakers normaltasunaren bidean doa

Astebete joan da dagoeneko Kobe Bryant hil zela, eta asteon omenaldia omenaldiaren gainean izan da «manba beltzaren» oroimenez. NBA normaltasunerantz doa nonahi, Los Angeles Lakersen artean izan ezik. Hala, Clippersen aurkako «derbia» bertan behera geratu zen eta Staples Center pabiloian jokaturiko aurreneko partidan Portlanden aurka galdu zuen.

Alabaina, denbora da analgesikorik onena. Hain aste gogorreko gorabeherak atzean lagatzen hasi dira LeBron James, Anthony Davis eta enparauak; bistan da Sacramento Kingsen aurka lorturiko garaipenean: 113-129, LeBron Jamesek 15 puntu, 11 asistentzia eta 10 errebote egin ondoren.

Aurreneko laurdenean hautsi zen Kaliforniako taldeen arteko neurketa, markagailua 22-44 zela amaitu baitziren aurreneko 12 minutuak. Lakersek talde joko aparta erakutsi zuen, orotara 33 asistentzia banatu zituelako, horietatik 26 lehenengo erdian.

Mendebaldeko Konferentziako lider izaten jarraitzen du Lakersek, 37-11ko balantzeaz, eta badirudi normaltasunera pausoak ematen hasi dela.

Lillarden astea

Portland Trailblazerseko Damian Lillard izan da asteko beste protagonista. Antolatzaileak 48 puntu egin zizkion Lakersi, eta Utahri 51 sartu dizkio.

Hala ere, Mendebaldeko Konferentziako bederatzigarren postuan da Portland, play-offetako postuetatik at oraindik.

All about NBA