Amaia U. LASAGABASTER
SUPERKOPA

Egundoko aurkaria, sekulako saria

Reala Bartzelonaren aurka arituko da Superkopako finalean (12.00, ETB1), bere historiako bigarren tituluaren bila.

Davidena egin beharko du Realak beste behin. Bere historiako bigarren titulua eskuratu nahi dute zuri-urdinek, baina txapela etxera eraman ahal izateko berriro ere logikari aurre egin beharko diote, Superkopako finalean (12.00, ETB1 eta TDP) egundoko aurkaria izango baitu.

Aurki daitekeen zailena; izan ere, Bartzelona estatu mailako txapelketa guztiak eskuratzeko faboritoa izateaz gain, Europan ere iazko arrakastak errepikatzeko hautagai garbia baita. Baina futbolean, bizitzan bezala, bi gehi bi ez dira beti lau izaten. Aurreko denboraldietan ere, gorri-urdinez jantzitakoak izan dira jokalari onenak, baina tituluek ez dute beti egia borobil horrekin bat egin: ikusi besterik ez dago Bartzelonak lau urte daramatzala Liga irabazi ezinik edota Kopako palmaresean ere beste talde batzuek idatzi dutela euren izena. Realak, adibidez. Eta, izenekin gertatzen den bezala, aurreko arrakastek etorkizunekoak ziurtatzen ez badituzte ere, garaipen horrek, asteazkenean Levanteren kontrako finalerdian lortu zutenak bezala, gutxienez Goliat lurrera botatzeko behar duten habaila non aurki dezaketen erakusten die zuri-urdinei.

Izan ere, Realak orain dela lau egun egindakoa ezin da ulertu maiatzean Granadan gertatutakoari begiratu barik, lanari gehitu zion heldutasuna, lasaitasuna eta konfiantza aurreko esperientzien ondorioa baita. Helmanticon hori guztia errepikatu eta, aurkariaren maila ikusita, hobetu egin beharko du beste oztopo bat ere gainditu beharko duen talde donostiarrak, esfortzuen pilaketa. Bartzelona astean birritan jokatzeko pentsatuta eta prestatuta dagoen bitartean, gipuzkoarrak ohiturarik ez duen talde motzago batekin konpondu behar dira, alderdi fisikoan aparteko ahalegina egitera behartuta.

Baina Nahikari Garciak gogorarazi zuen bezala, «hauek partida bereziak dira, desberdinak, eta indarra eta energia ateratzen duzu aurretik imajinatu ere ezin duzun lekutik». «Egia da gure taldea prestatuta eta ohituago dagoela –esan zuen Lluis Cortes Bartzelonako entrenatzaileak–, baina partida bakarrera edozein gauza gerta daiteke. Badakit topiko bat dela, baina horrela da».

Bere homologoak bat egin zuen iritzi horrekin. «Bartzelona faboritoa da, baina partida bakarrera da eta horrelako egoeren aurrean gu adoretu egiten gara», ohartarazi zuen Gonzalo Arconadak. «Gure asmoa lehiatzea da, gure lana egitea eta gure arma eta baliabideak erabiltzea. Eta beti beharrezkoa den zorte pitin hori edukitzea ere eskertuko genuke», gaineratu zuen entrenatzaile gipuzkoarrak. «Zaila izango da, baina nik konfiantza oso daukat nire taldearengan», amaitu zuen.