Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Filosofo halakoak!

Mapatik mapara. Joan den astean konpostera bota nuen Europako Batasuneko mapa politikoa, zaharkitua baitzen; egia esan, jaiotzatik zegoen horrela, bai Europari zegokionez eta bai batasunari berari ere. Hortaz, pikutara! Aste honetan, beste mapa-jaurtiketa bat egin dut, kasu honetan konpostera ez, baizik eta hor-konponera; bai, Palestinako Estaturako Etxe Zuriko maizter zer horrek ausarkeriaz aurkeztu mapa. Gaurdainoko iragan askerik bizi izan ez duen Herri bati gerora begira lurrezko artxipelago mugatua eskaintzea ere! Lurrezko jarraipenik ez duen herrialde zatitua inoiz ez da oso izango, zati guztiak osoak izan arren.

Gipuzkoako patronala etorri zait burura: “Gatazka badago ez da negoziaziorik izango”. Harrapa ezan/k! Iran/k? Halako filosofoekin Konfuzio bera langabe! Hortik tiraka esan liteke: “Birusik ez badago ez da ospitalerik izango”, “Monarkia ez badago ez da sozialismoa izango”, “Amiantoa ez badago ez da hauteskunderik deituko”, “hala bada hala biz, eta ez bada ora pro nobis”. Total, esatea libre! Beste gauza da ulertzea! Hain da askotan aldrebesa hitzen lotura! Niri ez dit ardura hitzen ordenak, beti ere kausa ZERK/NORK eta ondorioa ZER/NOR ondo bereizita egonda. Eta gatazka ondorioa da, eta negoziazioa helbide; zehaztu behar dena da kausa, eta helburua. Eta eskubideak eskubide hartzen dira, edo, bestela, eskuetarako bide! Teknologiak ez du horretan laguntzen, ez saiatu!

Hau astea! Zaila gero ulertzea, are gehiago pulpitutik esana! Amen! Errealismoa errotondaren kudeaketa politikaren ardatz bakarra jartzen duen horrek, hara non esan duen hauteskunde deia egingo duela apirilaren eta urriaren artean. Eutsi Politika 4.0 horri! Lau teilatu gainean! Dena dela, ikasten segituko dut, oposizioak prestatzen. “Egin zaitez Artzain!” kanpainak zirraratu egin nau eta!