Julen Murgiondo
ZORROZTARRIA

Kiratsa dario!

Urte asko direla entzun nion kanpoko aditu aritu bati esaten zabortegietan garbiena zaborra bera izaten dela. Zaharrak berri! Tegi horien metaketetan ezkutatzen diren zaborrak baino ezkutuagoak izaten dira kudeatzaile pribatu askoren interesak. Eta arriskutsuagoak. Ez da kasualitatea zabortegien erreinua han-hemengo enpresa handien desio-gai izatea; kausalitatea da. Ekonomiak ondasunak sortzen ditu, bai, eta hondamenak ere bai. Negozio-aukera diote, merkatu-hobia! Bai zera! merkatua batzuentzat eta hil-hobia besteentzat.

Garai hartan ere ez nituen gustuko feria handiko standetan ikusgai ziren zabortegi-maketak. Paperak dena aguantatzen du, maketak ikusgarri egiten du paperekoa, moketatik betiere. Haiek ikusita gogoa sartu zitzaiokeen baten bati familia hartuta zabortegi batera joateko domeka pasatzen. Barbakoa baino ez zitzaion maketari falta! Baina benetako mundua maketatik kanpo dago, eta zaborra bera ere bai. Zertarako balio Teknologia 4.0 zer horrek zabortegiek berezko duten kaltegarritasuna 0 Km-tik ganoraz zaintzeko ez bada! Zertarako digitalizazio-aroa ahotik ahora zabortegiak «zer ezkutatzen duen ez digunean ikusten uzten», poetaren kantan.

Ikusi-makusi! Eta usaindu. Kiratsa dario zerbaiti, zehatzean zeri ez jakin arren. Baina kiratsa. Ezustean hondakindegi itxurako baten hondamenak ipini gaitu gure ispiluaren aurrean, mundu errealaren aurrean, standetako liluratik urrun. Eta hortxe gaude, galdera gehiago erantzunak baino. Sena hartu beharko abiapuntu, beste ezer baino lehen. Baina itxaron beharko du, kanpainan sartu gaituzte eta!