Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Suitzako bloke gogorrenak hilabeteko bidaian igo ditu

Vadim Timonov errusiarrak zortzigarren mailako hamazazpi bloke sinatu ditu. Horietako lau 8c zailtasunekoak dira. Bloke gogorrena baino ez zitzaion zintzilik geratu: «Off the wagon low» (8c+).

Boulderrean muturreko zailtasunean jarduten dutenen artean, Vadim Timonov espezialista handia da. Lehietan ere jakin badaki zer den nazioarteko zirkuitu ezberdinetan lehen lerroan egotea. Oraindik hitzordu ofizialak hasi ez direnez, eskalatzaile errusiarra bidaiatzen izan da.

Abenduan eta urtarrilean, hilabeteko egonaldia izan du Suitzan. Herrialde horretako hainbat alderdi bisitatu ditu; gehienak sona handia dutenak. Eta onartu behar zaio herrialde horretatik uzta oparoa lortu duela. Hilabeteko epean 8a mailatik gorako hamazazpi korapilo askatzeko gai izan da. Batzuk flash eran, beste batzuk saiakera gutxitan eta zailenetan erakutsi du oso eraginkorra dela.

Zalantzarik gabe, Timonovek patrikara eraman duena azpimarratzeko da, baina protagonistak berak aitortu nahi izan du arantza bat itsatsita geratu zaiola: «Egin ditudan bidaia guztietatik Suitzako hau emankorrenetarikoa izan da. Bloke ugari eskalatu ditut; agian, ez gehiegi. Baina konprenitu dut herrialde honetara behin eta berriro itzultzeko ateak zabalik ditudala. Esku artean nituen xede guztien artean bat egin gabe utzi dut: ‘Off the wagon low’. Val Bavonan dagoen bloke hori 8c+ zailtasunekoa da, eta soilik igoera bat jaso du; Shawn Raboutouk duela pare bat urte erdietsi zuena. Probatzen ari nintzenean Raboutou bera alboan izan nuen. Aste batzuetako saiakerak egin eta gero, helburu hori bertan behera utzi behar izan nuen. Blokearen giltza ez nuen askatu».

Bide batez, gogoratu behar dugu 27 urteko protagonista honek izaera honetako bidaiak eta helburuak oso gustuko dituela. Iazko neguan, adibidez, Albarracinen izan zen, eta Terueleko alderdi horretan zortzigarren mailako beste hamazazpi bloke egin zituen.

Suitzako hamazazpi horietatik lau 8c zailtasunekoak dira: “Dreamtime”, “The story of the two worlds”, “From dirt grows the flowers” eta “The kingdom”.

Zalantzak

“Dreamtime”, adibidez, hirugarren ekinaldian biribildu zuen. Eta besteei buruz honako azalpenak eman ditu: «Nahiz eta oso-oso gogorra ez den, ‘The story of two worlds’ blokearen zailtasuna ondo jarrita dago. Eta ‘The kingdom’ beste biak baino errazagoa da. Horiek guztiak Suitzako 8c mailako erreferenteak dira. Probatu egin nahi nituen, eta bide batez askatu. Helburu nagusi hori, bederen, lortu egin dut».

Timonovek egin dituen 8b+ mailako blokeei dagokienez, aurreratu behar dugu “Arzak”-ek eta “Off the wagon”-ek bi saiakera eskatu dizkiotela.

“Boogalagga” (8b) igotzeko, adibidez, soilik 10 minutu behar izan zituen. Eta 8b zailtasuneko beste pare bat bloke bi ekinalditan lortu zituen: “Vecchio leone” eta “General Disarray”. Azkenik, flash eran 8a+ eta 8a mailako lau bloke egin zituen.